Sopelako Turismo bulegoak orain urte bete ekin zion eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea hobetzeari, udal iturriek adierazi dutenez. Ekainean egin zioten kanpo ikuskaritzan balorazio positiboa jaso ostean, "Q" izendapena eskuratu zuen. Hemendik aurrera, urtero egingo diote ikuskaritza Sopelako Turismo bulegoari, "ezarritako sistema ebaluatzeko eta lana era egokian burutzen ari dela baieztatzeko", gaineratu dute tokiko iturriek. Bestalde, Manene auzoak oinezkoentzako sarbide berria izango du laster, Sipiri eta Loiola Ander Deuna kaleak lotzen dituen Loroño kaleko egungo espaloia luzatzea onartu baitu
Sopelako Udalak, zonalde horrek Manenerekin bat egin dezan. Horrela erabaki zuten joan den ostegunean egindako osoko bilkuran. Espaloi horrek 5 metroko zabalera izango du eta Loroño kalean oinez ibiltzen diren pertsonen segurtasuna handitzea da bere helburua, tokiko arduradunen arabera. Azaldu dutenez, "herriak duen sarbideetako bat hobetu eta indartu nahi da lan horren bitartez, espaloia N-637 errepide ondoan baitago kokatuta". Argazkian, Sopelako Turismo bulegoa.