Ostiral honetan, azaroak 6, urteotan buruan izan duten proiektua egi bihurtuko dute Sopelako Plaza Beltza kultur elkarteko kideek. Egun horretan inauguratuko dute horrenbeste lan eta izerdiz erditutako herri liburutegia, Larrabasterrako Akilino Arriola kalean, Nagusien Etxearen aurrean. Arratsaldeko zazpietan izango dute herritarrek bertan batzeko aukera eta, liburu, aldizkari, fanzine, filmak eta abar ikuskatzeaz gain, pintxoak dastatu ahal izango dituzte bildutakoek. Kultur elkartea ezagutzera emateko asmoz, 2006ko abenduaren 23an egin zuen lehendabiziko ekimena Plaza Beltzak. Egun horretako bigarren eskuko liburu azokatxoaren bitartez, argi utzi zuten "kultura plazaratzeko" jaiotako taldea dela; ideiak zabaltzeko”, alegia. Dagoeneko bazeukaten buruan herri liburutegi bat sortzea, “irakurzaletasuna bultzatzea” baita Plaza Beltzaren kezketako bat. Bada, ametsa egi bihurtuta, gai politiko-sozialen inguruko liburu eta pelikulak topatzerik badago bertan. Argazkian, Plaza Beltzak egindako bigarren eskuko liburu azokatxoaren lehenengo edizioa.