Azaroaren 14an, berriz, "Euskara eta musika lagun, erosketetan txapeldun!" lelopeko ekimena egingo dute. Gauzak horrela, 3 eta 8 urte bitarteko haurrak dantzatzera eta kantatzera hurbildu ahal izango dira merkatura, euren gurasoek erosketak egiten dituzten bitartean. Hilaren 21ean, "Merkatua bertsotan" ekitaldia eskainiko dute Sebastian Lizaso eta Anjel Mari Peñagarikano bertsolariek. Eta azkenik, azaroaren 28an "Merkatuan kantetan" egingo dute, Josu Landetak eta Katxo Larrazabalek gidatuta, kanta liburuxka baten laguntzaz. Jarduerak familia osoarentzat dira, doakoak eta ez bakarrik euskara dakitenentzat, baita apur bat baino ez dakitenentzat ere, tokiko arduradunek nabarmendu dutenez. Eguerdiko 12etatik aurrera izango dira guztiak.
Kalitate gehigarri bat
“Udalerrian euskaraz hitz egiten duten herritarren kopurua gora egiten ari da eta dagoeneko esan dezakegu erdia baino gehiago euskalduna dela edo zer edo zer dakiela. Horregatik, bezeroak euskaraz eskatzera animatu nahi ditugu orain”, adierazi zuen atzo Imanol Landak. Aldi berean, euskara "kalitate gehigarri bat" dela ere ikustarazi nahi die merkatariei erakusketak. Euskara Biziberritzeko II. Plangintzaren barruan kokatuta, Gehi Euskara Merkataritzara egitasmoaren barruan (merkataritzan euskararen erabilera sustatzea helburu duena) azken urteotan martxan jarritako kanpaina batzuk eta horien euskarriak ikus daitezke bertan; adibidez, fruta-denda, okindegi, harategi eta arrandegiei buruz egindako txartelak eta materiala. Horiekin batera burututako beste kanpaina batzuk ere ikus daitezke, tartean, "Ospatu eta oroitu", "Higiezinen agentzietan euskaraz" edo "Apelliduak abizendu". Euskaraz eskatu ahal izateko beste hainbat adiera ere daude erakusgai: “Nola eskatu euskaraz erraz-erraz?", "Nola galdetu produktu baten prezioa" eta "Produktuen hiztegi erreza”. Ekimenarekin hainbat erakundek eta elkartek kolaboratu dute, tartean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak, Sendik, Algortako Bertsozale Eskolak (ALBE) eta Algortako Azokako dendariek.