Euskalmetek jakinarazi duenez, hori izango da udazkeneko lehen denborale aipagarria, orain arte izan dugun eguraldi egonkorra eta joan den asteko tenperatura altuekin bukatuko duena. Horrela, olatu indartsuez gain, euri jasa handiak eta tenperaturak nabarmen jaistea (10-15 gradu artean mantenduko dira) ere espero da. Iragarpen horien aurrean, Herrizaingo Sailak estolderia sareak aztertzea gomendatu du oztopoak (hostoak edo adarrak, esaterako) kendu eta sakon garbituz, ura errazago pasatzea bermatzeko.
Olatu handiak
Bihar, asteazkena, olatuaren altuera 5-6 metro artekoa izatera hel daiteke eta, egunaren amaieran, 6-7 metro ingurukoa. Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 4-5 metro inguruko olatuak altxa ditzake (egunaren amaieran 5-6 metrokoak).
Ostegunean, berriz, olatuaren altuera 6 metro ingurukoa izango da, egunaren amaieran 5-6 metrora jaitsiz; ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 5-6 metroko olatuak altxatuko ditu. Hurrengo egunetan olatuaren altuera adierazgarria 5 metro ingurukoa izango da, altuago astearen amaieran.