Gasteizen jokatuko da igandean, hilak 8, finalaurrekoetako bigarren saioa. Europa Pabilioian izango da, 17:30ean hasita. Horretan, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Iñaki Zelaia, Arkaitz Estiballes eta Maddalen Arzallus izango ditu lehiakide Xabi Payak. Gasteizko finalaurrekoa ikusteko sarrerak bertsosarrerak.eu atarian izango dira salgai bihar (azaroak 5) gauerdia bitartean. Jada 600 sarrera saldu dira eta mila lagunentzako lekua izango da. Igandean, 16:00etatik aurrera salgai jarriko dira Europa Pabilioiaren leihatilan. Azkenik, algortarren artean gazteenak, Joni Uriak, azaroaren 15ean kantatuko du Hendaiako Beltzenia pilotalekuan, 17:30etik aurrera. Amets Arzallus, Jon Maia, Jone Uria, Aitor Sarriegi, Julio Soto eta Onintza Enbeita ere izango dira finalaurreko horretan.
Kontuak kontu, Fredi, Xabi edo Jone animatzera joaterik ez dutenek ere zuzenean jarraitu ahal izango dute kanporaketa. Internetez, bertsoa.com-en eta bertsoplaza.tv-en bideoak eta Info7.com-en audioak izango dituzte horretarako. Irratiz, berriz, Info7 irratiak FMko 103.2 frekuentzian zabalduko du ekitaldia 17:00etatik aurrera eta berarekin konexioa egingo du Koska irratiak FMko 108.0n.
Bi itzuli
Final laurdenetan aurrera egitea lortu duten 17 bertsolariei 2005eko 7 finalista gehituko zaizkie, 24 izango dira, beraz, finalaurrekoetan lehiatuko direnak. Bi itzuli izango ditu finalaurrekoak. Lehen itzuliak lau saio izango ditu, Bergaran hasi eta Hendaian bukatuta. Saio bakoitzeko irabazleek zuzenean finalaurrekotako bigarren itzulirako txartela eskuratuko dute eta beste 14 bertsolari puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Bigarren itzuliak hiru saio izango ditu eta 18 bertsolarik hartuko dute parte. Lehen eta bigarren itzuliko puntuazioak gehitu ondoren puntuazio altuena eskuratzen duten zazpi bertsolariak sailkatuko dira abenduaren 13an Andoni Egañarekin batera BEC-en jokatuko den finalerako.