Kirolari getxoztarrek talde bezala parte hartuko dute lasterketan, babesleen izenpean eta "Getxo" marka pean, euren kategorian; 50 urtetik gorako beteranoetan, alegia. 400 kilometro inguruko ibilbidea bete beharko dute, lau etapa gogorretan zehar, ziurrenera, hezetasun maila handiak, bero handia, altitudeak eta bide malkartsuek, batez ere lokatzak, lasterketa baldintzatuko baitute. Lasterketa Ozeano Bareko kostaldean, Jaco herrian, hasi eta Karibeko kostaldean, Puerto Limonen, amaituko da, basoa zeharkatu eta gero. Hiru txirrindulariek esan dutenez, oso lasterketa gogorra da, batez ere, bere lehen etapan “5 ordu jarraian eman beharko ditugulako basatzan sartuta”, eta esperientzia oso garrantzitsua da. Baina, giltza, azaldu dutenez, “apal hastea da, arlo psikologikoaz gain fisikoak ere oso garrantzi handia duelako". "Elkarri laguntzea eta bat egitea funtsezkoa da, bestela oso gogor egiten da eta gorriak ikusten dituzu”, zehaztu du Luis Uribeetxebarriak.
Euren helburua da, besterik gabe, proba amaitzea da. Eta, horretarako, gogor egin dute lan duela gutxi egindako Euskadi Extreme lasterketa bezalakoak jokatuz. Konkistatzaileen Ibilbidea lasterketaren espiritua “erronka pertsonalean datza, norberaren buruaren aurkako borrokan, helburua helmugara ailegatzea baino ahal den guztiaz gozatzea dela”, aitortu du Juantxu Abasolok.