Ibiladi neurtua bikoteka egiten da, bi ibilbide prestatu dituzte horretarako, txikitxoena bata eta helduena bestea. Lehenengoak 8 kilometro ditu eta bigarrenak 14 inguru: "Ibilbidean zehar Berango ezagutzeko aukera izango dugu. Gure kultur elkartearen izenak dioen bezala alboko herrietako mugetatik ibiliko gara. Aukera izango dugu herria zelan aldatzen doan ikusteko; baita urteetan zehar mantendu izan diren paraje naturalez gozatzeko ere", azaldu dute antolatzaileek. Martxan zehar, hiru kontrol gune izango dira. Bertan bikoteen denborak hartuko dira, guztiek ibilaldi osoa egiten dutela ziurtatzeko. Horietako batean, hamaiketakoa hartzeko parada izango da denbora geratuko delarik. Irteera eta helmuga Sei Herri tabernan izango dira, Sabino Arana kalean.
Egun osorako plana
Horrenbestez, helduek 8:30ean eman beharko dute izena, Sei Herri tabernan, ordu erdi beranduago ateratzeko. Txikiek, berriz, 9:00etan daukate apuntatzeko ordua eta 9:30ean irteera. Ibilaldia bukatuta,eguerdi aldera, poteoa egingo dute herriko tabernetatik. Ondoren, bazkaria izango dute guztiek Berangoko frontoian: txikiek 14:00etan, eta nagusiek 15:00etan. Bazkalostean haurrek pelikula bat ikusteko aukera izango dute kultur etxean, sari banaketaren ordua heldu bitartean. 18:30ean izango da hori. Oroigarri bezala, hain bereizgarria bihurtu den banderatxoa, Algortako Javi Martinezek urtero diseinatzen duena, etxera eraman ahal izango dute ibilaldian parte hartzen duten guztiek.
"Gomi" zenaren omenez
"Aisialdiko ekintza bezala sortu zen ibilaldi neurtua. Garai hartan mendira joateko ohitura puri-purian zegoen eta gure herrian halako zerbait egitea pentsatu zuten. Bigarren urtean, antolatzaileetako bat, "Gomi" gaztea, ezbehar baten ondorioz hil egin zen eta, ordutik bere oroimenez antolatzen da urtero-urtero hutsik egin gabe", azaldu dute antolatzaileek.