Getxoko udaltzainek 41 urteko V.C. inizialdun gizona atxilotu dute gaur, goizaldeko ordu batak aldera, genero indarkeria delitua egotzita. Algortako erdigunean zaintza lanak egiten ari zen udaltzain taldea inguruan gertatzen ari zenaz ohartarazi du pertsona batek, udal iturriek zehaztu dutenez. Tokiko polizien arabera, emakume bat aurpegian eskuarekin jotzen ikusi dute usteko erasotzailea; antza bere bikotekidea. Jarraian, hurreratu eta emakumeak aurpegiaren eskumako aldea, lepoaren parean, gorri-gorri eginda zeukala egiaztatu dute udaltzainek. Horregatik, gizonezkoa atxilotu eta andrazkoa osasun-etxe batera eraman dute. Bertan artatua izan eta gero emakumea bere etxera bueltatu da. Atxilotua gaur goizean eramango dute epailearen aurrera. Igandean ere gazte bat atxilotu zuten Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak, neska lagun ohia jipoitzea egotzita. Argazkian, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratzea Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!