EHE: “Euskararik gabe, Euskal Herririk ez”

Euskal Herrian Euskaraz elkartea 1979. urteko azaroaren 4an aurkeztu genuen jendaurrean. Durangoko Azoka aukeratu genuen lehen agerpena egiteko eta “Euskararik gabe, Euskal Herririk” ez lelopean ekin genion bideari. Egun hartan, euskaldunok osatzen dugun komunitatea eta lurraldea aintzat harturik, egun oraindik gure helburu izaten jarraitzen duena plazaratu genuen: Euskal Herri euskalduna erdiestea; eta horretarako izaera erreibindikatzailea eta borrokalaria izango genuela adostu genuen. Euskal Herrian Euskaraz sortu genuenetik, argi izan genuen EHE ez zela izango beren ekimena bulego baten barruan aurrera eramango zuen eragilea, eta kalea hartzea eta herritarrei zuzenean interpelatzea lehenetsi genuen. Hala, EHEtik hasieratik egin genien dei herritarrei herria berreuskalduntzeko bidera batu zitezen. Argazkian, Euskal Herrian Euskaraz (EHE) eragile euskaltzalearen 30. urteurrena dela eta Bilboko La Bolsa eraikinean egin dute prentsa agerraldia gaur.

Euskaldunei zera eskatu genien: “Euskaraz egin dezagun. Euskaldun bezala ditugun eskubideak defenda eta eska ditzagun”. Euskaldunak ez zirenei aldiz: “Euskara ikas. Euskara dohainik ikasteko duten eskubidea defenda eta eska”. Duela 30 urte esan genuen, eta gaur bertan ere: “Jakitun gara denok: ez dago Euskal Herririk, eta are gutxiago euskal naziorik, euskararik gabe. Zera ere argi utzi genuen: “guk, geure eskubideetan zauriturik, gogorki erantzungo dugu”.

Hizkuntza eskubideak borrokatuz, Euskal Herri euskalduna eraiki!

Eta horrela ekin genion bideari, irmo, gogotsu, kementsu, eta helburua beti ere garbi genuelarik. Euskaldunoi urratzen zaizkigun hizkuntza eskubideen defentsa eta salaketa lanak hartu zuen gure jardunaren zati handi bat, eta hainbat ekimen abiatu genituen, euskarazko hedabideak eskatuz, udal ordenantza egokiak aldarrikatuz, Vascuencearen Legea arbuiatuz, justiziaren euskalduntzea galdeginez...

Zapalkuntzaren aurkako borrokan izandako ibilbide horretan, 90eko hamarkadara heldu ginen. 1992an, 8.000 euskaltzalek, garaiko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuaren politika salatu eta haren dimisioa eskatu genuen. 1993an, Eman bidea euskarari. Atzerapausorik ez” lelopean manifestazioa egin genuen Donostian... 1994an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako legebiltzarkide-gai erdaldunen kopurua %56koa zela eta, “eman botoa euskarari” kanpaina abiatu genuen, eta ondoren, EHEko 3 kide larrugorritan sartu ziren Arabako Batzar Nagusietara. Horiek eta gehiago izan ziren EHEk egindakoak, eta gogora ekartzekoak dira azken urte hauetan zapalkuntzari aurre egiteko baliatu ditugun bestelako ekimenak: Ezabaketa Egun bezala hasi eta Ezabaketa Aste bihurtu den urteroko ekimen parte hartzailea; zapalkuntzari aurre egiteaz gain, dinamika eraikitzaile eta parte hartzaile gisa gorpuzten joan den Hizkuntza Eskubideen Eguna. Azken 6 urteotan, euskaldunon eskubideen zapalketari aurre egin eta euskararen normalizazioa bultzatzeko jai eta aldarrikapen eguna, Lesaka, Oiartzun, Santurtzi, Azpeitia, Atarrabia eta Ondarroan ospatu dugu.

Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraiki!

Zapalkuntza agerian uzteaz gain, EHEren beste jardun nagusiak Euskal Herri euskalduna gaurdanik eraikitzean datza, hots, dinamika eraikitzaileak abiatzean. Euskarari lehentasuna ematea edozein dinamikaren oinarritzat dugu, eta ofizialtasunaren aldarriak paper berezia jokatzen du bide horretan. Alta, eraikuntza lan hori auzolanean oinarritzea bultzatzen dugu, euskaraz bizi nahi badugu, norbanako bakoitzetik hasita baina guztiok batera ekin behar baitiogu, urratsez urrats, Euskal Herri euskaldunaren bideari. Aspaldi hasi genuen bide hori: Euskarazko hedabideen aldeko ekimenak bultzatu genituen, “euskara benetan gure udaletan” leloaren baitan abiaturiko dinamika eta horren ostetik abiaturiko udalerri euskaldunen mugimendua, ofizialtasunaren aldeko dinamika iraunkorra... Herria berreuskalduntzeko bidean, EHEtik normalizazio prozesuan lan egiten dugu euskalgintzako beste hainbat eragilerekin batera. Kontseiluaren sorrerarekin batera, normalizazio planak bultzatu ditugu herrietan, eta baita nazio mailan ere. Normalizazio planetan eragile sozial, politiko eta sindikalekin batera, herritarren parte hartzea bultzatu nahi dugu EHEtik.

Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki

Eta horrela iritsi gara, borrokaz borroka, gaurko egunera. 30 urte daramatza EHEk Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean urratsak ematen; 30 urte luze, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak salatzen, euskararen normalizazio prozesuan akuilu lana egiten, euskaraz bizitzeko hautua hedatzen eta herritarrei ibilbide horretara atxikitzeko dinamikak eta espazioak eskaintzen. Halarik ere, duela 30 urte EHE sortzera eraman zuten funtsezko arrazoiak, tamalez, arnas betean direla egun esan behar dugu.

Indar erdaltzaleak kementsu azaltzen zaizkigu; Euskal Herriko administrazio eta hedabide nagusiak beren esku daude. Beren ekimenaren ondorio zuzen gisa, herri euskaldunaren aurkako mezuak ere indartzen doaz eta horren ikurrak dira euskaraz ez jakiteko eskubide ezkutua aitzakiatzat jarriz, ustezko elebitasun eta hirueletasunen alde zabaltzen ari diren mezuak. Herenegun bertan, Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak iragarri zituen neurriak dira horren froga garbiena. Gainera, euskararen estatusak, edo estatus ofizial ezak, beren horretan dirau, eta hizkuntza politiken oinarrian erdaren nagusitasuna mantentzea beste helbururik ez dago. Baina euskara da lurralde honi izaera ematen diona, eta oso ondo dakite hori Euskal Herriaren asimilazio prozesuan indar egin eta euskararen lurraldea menperatzeko lanean ari direnek. Hizkuntza ordezkapenaren bidea aukeratu dute etnozidioa gauzatzeko, eta gaur egun prozesu horrek aurrera dirau.

EHE sortzera eraman gintuzten arrazoiak indarrean dira egun oraindik, beraz; eta zentzu horretan euskaldunok bigarren mailako herritar izateari utzi eta euskarari lehentasuna emango dioten politika burujabeen bidez Euskal Herri euskaldunera heltzeko bidean irmo jarraitzen dugu aurrera.

Euskal Herri euskalduna, euskaraz biziko den herria berreraiki nahi dugu; eta bide horretan, argi izan behar dugu zapalkuntza agerian uzten duten dinamikekin batera herri euskalduna helburu duten dinamika eraikitzaileak uztartzea beharrezkoa dugula. Baina euskarak lehentasuna behar du esparru guztietan, gugandik hasita. Gure egunerokoan, erdarekiko sumisioarekin hautsi eta euskaraz bizitzeko hautua lehenetsi behar dugu, norbanako bakoitzak egin beharreko autodeterminazio ariketa gisa. Honekin batera, espazioak euskalduntzea eta gaur egunekoak babestea biziki garrantzitsua zaigu une honetan. Bestalde, hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidearen aldarrikapenak garrantzi bizia hartzen du. Argi eta garbi esan behar dugu euskarari lehentasuna emanaz, berreuskalduntze prozesua helburutzat izango duen hizkuntza politika behar dugula, eta hori inongo kanpo esku hartzerik gabe Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea daukagula. Zer esanik ez, maila juridikoan, euskarak gaur eguneko menpeko estatusak gainditu eta lehentasunezko estatusa behar baitu Euskal Herri osoan. Ofizialtasunaren aldarriak beraz, inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka egun, eta EHEk bide horri arnasa ematen jarraitzeko hautuan dihardu.

30 urte luze igaro dira EHE sortu zenetik, eta indar berriturik ekin nahi diogu ibilbideari eragile euskaltzaletik. Zentzu horretan, euskararen normalizazio prozesuan bultza egingo duten euskaltzaleak elkarlanean batzeko egitasmoak jarriko ditu martxan EHEk.

Norabide horretan, aipatzekoa da EHEren 30. urteurrena ez dela izango gaur bertan ospatu eta albo batera utziko dugun zerbait; lan urte berriari begira abian ditugun egitasmo guztietan izango baitu presentzia, 30. urteurrenak. Hona ekarri gaituen soka tenkatuz, jarraipena eman eta aurrerantzean eraiki nahi dugun bidearen oinarriak jarri nahi ditugu gure 30. urtemugan.

“Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki!” da aurten jendarteratuko dugun leloa, eta hori, EHEk planteatzen duen urrats berriaren adierazle nagusia baino ez da. Euskaraz bizitzeko hautua indartu nahi dugu euskal komunitatearen baitan, erdarekiko bizi dugun sumisioaren aurrean egin beharreko autodeterminazio ariketa gisara; eta egoera horiek iraultzeko bideak eraiki nahi ditugu, auzolanean eta herri aktibazioan oinarrituta, Euskal Herri euskaldunaren eraikuntza indartzeko. Zentzu horretan, EHE nazional eta indartsua izatea ezinbestekoa izango da; herri eta auzo guztietan presentzia eta eragina izango duena.

Web gune berria, euskaraz bizitzeko eta parte-hartzerako esparrua

Lehen berrikuntza nagusi gisa, EHEren webgune berritua ere aurkeztu nahi diogu herriari. Izan ere, euskaraz bizitzeko hautuari eusteko, herritarrok beharrezkoak ditugu garaian garaiko bizi-ereduetara egokitutako tresnak. Hortaz, EHEren webgune berrituaren izpiritua euskaraz bizi den herriaren erakusleihoa izan nahi du; euskalgintzaren jardunaz jabetu eta euskararen herria ezagutu eta hobeto ulertzeko, zein harremanak euskaraz egiteko tresna. Modernoa eta teknologia berrietan oinarritutakoa, baina iraganeko irakaspenetatik abiatzen dena.

Horretaz gain, herritarren parte-hartzea sustatu nahi dugu sareko atariaren bidez; bertan izango ditugu eskura gai mikroblog formatuan sortzeko guneak, herritarren arteko harremantzea eta eztabaidak sortzeko barne-sarea, eta munduan hain ezagunak diren sare sozialekiko zein euskararen herriaren parte diren hainbat eta hainbat eragileren atarietarako loturak.

Euskaraz bizi, Euskal Herri euskalduna eraiki!

Euskal Herrian Euskaraz (EHE)
http://www.euskalherrianeuskaraz.org
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun