2009ko Enplegu Prestakuntza Programaren barruan, langileak prestatu eta, ondoren, kontratatzeko hautaketa prozesua abian jarri du
Urdulizko Udalak. Gauzak horrela, dagoeneko zabalik dago eskariak aurkezteko epea, tokiko iturriek adierazi dutenez. Azaroaren 30era arte egongo da izena emateko aukera. Prozesuan parte hartu ahal izateko, ondoko baldintza hauek jarri dituzte: Urdulizen erroldatuta egotea, gutxienez 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera; 18 urte beteta izatea; eskariak aurkezteko epea amaitzen denerako langabe egotea; eta azkenik, horretarako egingo den balorazioaren arabera, egoera ekonomiko larrian egotea. Udalbatzak onartutako oinarriekin bat, sei hilabetekoak izango dira kontratazioak. Izena emateko baldintza guztiak interesatuen eskura daude honako leku hauetan: udal bulegoetan, Udalaren web orrian (
www.urduliz.net) eta Uribe Kostako
Behargintzan. Argazkian, Juan Olea Urdulizko alkatea.