Leioako Artisautza eta Gastronomia Azokak 30 urte beteko ditu asteburu honetan. Azaroaren 6tik 8ra bitartean, 29 eskulangilek hartuko dute Bulebarra: denetara 16 artisautza mota ezberdin (beira, egurra, zeramika, bitxiak...) ikusteko aukera izango da. Horretaz gain, produkturik gozoenak dastatzerik ere egongo da: patea, gazta, ogia, euskal pastela, itsasoko produktuak eta marmeladak, besteak beste. Baina, horiek guztiak probatu edota erosteaz gain, artisauek zelan lan egiten duten zuzenean ikusi ahal izango dute Bulebarrean batzen direnek. Horretarako, hainbat tailer jarriko dituzte: beira, harri zein zur lanketa; upelgintza; forjaketa; eta ehoziri-lanari buruzkoak, hain zuzen. Ohi bezala, gazta, ogia, txakolina, sagardoa... dastatzeko hitzordu bereziak ere jarri dituzte; larunbat eta igandean, 12:00etatik 14:00etara. Azoka 17:00etan zabalduko dute ostiralean eta 21:00etan itxi. Larunbat eta igandean, berriz, 10:30etik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik. Argazkian, azoka ugaritan parte hartzen duen Roman Aduriz oiartzuarra, egurrezko kateak egiten.