Celaak Hezkuntza sisteman egin nahi dituen aldaketak salatu dituzte Leioako campusean

Isabel Celaa sailburuak prentsaurrekoan aurkeztu zituen atzo Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza arloan proposatzen dituen aldaketak. Horri erantzuteko, 70 lagun inguruk egin dute elkarretaratzea gaur, osteguna, EHUko Leioa eta Erandioko campusean. Lehenik eta behin, proposamenak hedabideen aurrean aurkeztu izana aurpegiratu dio Celaari Euskal Herriak Bere Eskola (EHBE) erakundeak, "lehendabizi, Hezkuntza komunitateari aurkeztu beharrean". "Gobernu honek ez du gehiengo sozialarekin bat egiten eta horregatik nahiago dute 'de facto' lan egin eta publizitate bidez euren proposamenak argitaratzea eztabaida eta ideien konfrontazioan sartzea baino", adierazi du EHBEk. Bestalde, "euskarari garrantzia kentzeaz" gain, "Euskal Herria terminoari ere mugak ezarri" nahi dizkiotela kritikatu du Hezkuntza alorreko eragileak. Bitartean, Ikasle Abertzaleak (IA) erakundeak "espainiar eta frantses nahi gaituztela argi" dagoela adierazi du; "euskaraz, euskal kulturaz edo Euskal Herriaz ideiarik ezta kontzientziarik ere ez duten euskal ikasleria" hezi nahi dutela, alegia. Hala ere, argi utzi dute "ikasleria ez dela isilik geratuko" eta Hezkuntza Sistema Nazionalaren beharra azpimarratu dute. Argazkian, Erandio eta Leioako campusean gaur egindako elkarretaratzea / Gaztesarea.

Erandio eta Leioako campuseko EHBEren oharra:

Isabel Celaa Hezkuntza Sailburuak prentsaurrekoan aurkeztu zuen atzo euren gobernuak proposatzen dituen aldaketak. Proposaturiko aldaketa guztiak kritikagarriak badira ere bada lehenengo kritika merezi duen zerbait: formak. Eurek aurreko Gobernuei gauzak kontsentsurik gabe egitea egozten diote, eta Celaak proposamena, lehenengo, Hezkuntza komunitateari aurkeztu beharrean prentsaren aurrean aurkeztu du. Honek argi uzten du neurri guzti hauen izaera publizitarioa; izan ere, Gobernu honek ez du gehiengo sozialarekin bat egiten eta horregatik nahiago dute 'de facto' lan egin eta publizitate bidez euren proposamenak argitaratzea eztabaida eta ideien konfrontazioan sartzea baino.

Dena den, zalantzarik gabe proposamen horren edukia ere benetan kezkagarria da.

- Alde batetik, euskarari garrantzia kenduko diote honela, ustez, gaztelerarekiko berdintasuna lortzeko. Baina, berdintasuna herritarrak elebidun izatea baldin bada, hori ez da inola ere lortzen mantendu nahi duten ereduen politikaren bidez, frogatuta baitago benetan euskalduntzen duen eredu bakarra D eredua dela.

- Euskal Herria terminoari ere mugak ezarri nahi dizkiote. Eremu juridiko-politiko bati Euskal Herria deitzea "doktrinamendu nazionalista" dela diote. Baina, herritarren gehiengoak termino horren erabilera egokia ikusten badu, ez al da "doktrinamendua" gutxiengoaren izenean hori ezeztatzea?

- "Educación por la Paz" irakasgai berria ere proposatuko dute. Baina, ez dute honen inguruko proposamen pedagogiko oso bat plazaratu. "Onak" eta "txarrak" dikotomiaren erabilerak sor dezakeen mina kontuan harturik, irakasgai hau horrelako arinkeriaz proposatzea arduragabekeria dela uste dugu.

Honenbestez, honelako eraso eta inposizioei hezkuntza komunitateak, eta orokorrean herritar orok, erantzun irmo bat eman behar diela iruditzen zaigu. Euskal Herriak Bere Eskola aspalditik ari da hezkuntza sistema propio baten alde lanean; gure hezkuntza eskubideak bermatuko lituzkeen Hezkuntza Sistema Nazionala dugu helburu. Aurten ere bide horretan jarraituko dugu lanean. Gurekin lan egin nahi duzuen guztiak gonbidatuta zaudete!

IAren oharra:

Aste honetan EAEko hezkuntza sailburuak egindako deklarazioak direla eta Ikasle Abertzaleok zera esan nahi dugu.

1. Celaa andereak emandako urrats berria, espainiar eta frantziar estatuek Euskal Herria hezkuntzaren bidez asimilatzeko bidean planteatutako beste urrats bat gehiago bezala kokatzen dugu. Azpimarratu nahi dugu gaur egun ere, euskal ikasleok, euskal ikasle eta herritar gisa dagozkigun hezkuntza eskubideak urratuta ditugula.

2. Azpijoko eta hipokresia hutsa iruditzen zaigu, diglosia egoera bizi dugun honetan gaztelera eta euskara, maila berean kokatzea. Inposatzen diguten hezkuntza sistema espainiar eta frantsesak hiru ikasletik bakarra euskalduntzen duela badaki Celaa andereak eta argi gelditu da proposatutako hizkuntz ereduetatik batek bakarrik (d ereduak) lortzen duela ikasleen euskalduntzea.

3. Euskal Herriko hezigune gehienetan Euskal Herria ikasterik ez dago. Ez dugu gure herria ikasteko eskubiderik, izan ere espainiar eta frantziar edukiak lehenesten baitira curriculum dekretu arrotzen bidez. Horren adibide garbia dira selektibitatea eta baxoa, hauen helburu nagusia batxilergoa amaitu ostean espainiar eta frantses hiritar izateko barneratu behar diren edukiak barneratuta ditugula frogatzea bait da.

4. Beraz, argi dago espainiar eta frantses nahi gaituztela. Euskaraz, euskal kulturaz edo Euskal Herriaz ideiarik ezta kontzientziarik ere ez duten euskal ikasleria hezi nahi dute. "Doktrinamendu nazionalista"-z ari zaizkigu agintariak eta egia da, euskal ikasleok doktrinamendu nazionalista espainiar eta frantsesa pairatzen dugu gure heziguneetan.

5. Baina euskal ikasleak ez gara isilik geldituko. Eraso zahar eta berrien aurrean gure alternatiba zein den badakigulako. Hezkuntza sistema nazionala behar dugu, hots, euskaldunok, espainiar eta frantziar inposiziorik gabe, hezkuntzaz erabakitzeko eskubidea izan behar dugu. Bide horretan, Euskal Curriculuma gure heziguneeetan aplikatzea lortu behar dugu eta hizkuntz ereduen politika baliogabeak alde batera utziz euskal ikasleon benetako euskalduntzea bermatuko duten neurriak har daitezen exijitu behar dugu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun