Jagolerik ez izateak askoz arazo gehiago sortzen ditu SATSEren arabera. Sindikatuak azaldu duenez, "gaixoren bat gauez hiltzen bada, ez dago langilerik hori tanatoriora eraman ahal izateko. Hortaz, gelan utzi behar izaten dute, bertan beste paziente bat egon arren". Osasun zentroko farmaziari dagokionez, "15:00etatik itxita" egoten dela kritikatu dute: "gaixoren bat botika behar badu, paziente guztiak bertan behera utzita, erizainak berak joan behar izaten du farmaziaraino", azaldu dutenez. Lehenengo solairuan dago hori. Bestalde, "larrialdi zerbitzurik ez" dauka Gorlizko ospitaleak. "Lehenengo solairuko erizainak aurre egin behar izaten die larrialdiei", salatu du SATSEk.
"Egoera penagarria"
Egoera "penagarri" horren aurrean, "komunikabideetan itxurak egiteari utzi eta gaur egun zentroak dituen azpiegitura arazo larriak konpontzen hastea" eskatu dio Gorlizko ospitaleko zuzendaritzari Euskadiko Erizainen Sindikatuak. Langileen ordezkarien hitzetan, "profesionalengan ez ezik, gaixoen artean ere zabaltzen ari da ezinegona". Gauzak horrela, ospitalizazio solairuetan "berehala" bigarren erizaindegi bat jartzea eta "ematen ari diren laguntzaile, jagole, segurtasun zaindari, mantenu-langile, garbitzaile eta gainbegiratzaile gabeziak zuzentzea" exijitu du SATSEk.