Alabaina, egoera hartako larriena ez zen izan agurearen jarrera, azken batean halako agerraldi baten aurren protesta egitea bidaiari batengandik espero litekeen zerbait baita, gainontzeko bidaiarien isiltasuna baino. Bagoi hartan gure inguruko eserleku guztiak jendez beterik zihoazen, eta inork ez zuen bizitza aurrera ateratzeko ahaleginean zeuden gazte bi haien alde ala kontra txintik ere esan. Zorionez metroko zaindariak ez ziren agertu, baina zer gertatuko ote zen pertsonaia haiek umore garratza erakutsiz, mutil gazteak trenetik bota edo salaketa ipini balie guztion begien aurrean?
Gure herriko garaileek ere arauak jartzen dizkigute horiek bete ditzagun, eta bete ezean zigor kodea eskuan gure aurkako neurriak hartzen dituzte. Hala ere, jada ez da sekretu bat arau horiek mandatariek ezartzen dituztela, eta beti ere komeni zaien neurriak ezarri eta haietan neurri haiek apurtzeko bururatzen zaizkien beste tranpa tartekatzen dituzte. Jokabide hori ez da berria, jakina baita aitzinako denboretan ere sarritan elikagaiak faltan zituen herri zeheak barau egitera beharturik zegoena, baina abadeak inoiz ez zuen txuleta mahai gainean falta.
Mutil gazte haiek euren bizitza aurrera ateratzeko metroan abestea beste erremediorik ez zuten, horretarako inon agerian ez zegoen metroko balizko arau hura apurtu behar bazuten ere. Herri xeheak, bizitzan aurrera egingo badu, ezarrita dauden legeak apurtu behar ditu, eremu debekatuak mugatzen dituzten hesiei salto egin behar die halabeharrez, ezpabere oraindik ere hurbileko jauntxoaren esklaboak izango ginateke-eta. Argi dago, besteoi legez, mutil haiei inork jana emango badie euren lana izango dena, eta ataka hartan bizitzaren legea haustea izango zen bekaturik larriena. Zaindariek arreta deituko zieten etorriz gero, baina ez gizalegearen aurkako arau-haustea egin barik.
Eta batek esan dezake arauak errespetatzeko egiten dituztela, denon erantzukizuna dela horiek betetzea eta zaindari haiek gure segurtasuna bermatzeko lanean ari direla. Baina nork babestuko gaitu garaileek inposatutako arautegi antzuen eta faltsuen indarraz?. Azalean baliabide gutxi dugu horri buelta emateko, baina lehenik eta behin isiltasuna apurtzea abiapuntu polita izan liteke.
Josu Gotzon Landeta (Irakaslea)