Mailaz hitz egiteko azterketa diakronikoa eta geografikoa klabeak izan dira azken txapelketetako lehen faseetan. Egia da gipuzkoar bertsolariek txapelketa dokumentatuen historiako debaklerik handiena bizi izan dutela. Eta faktore horrek itsuturik egin dira analisi asko. Baina tendentzia hori 90eko hamarkadako haziak ernatu zuen. Gipuzkoar eliteak iraunkorki lehiatzeari uko egin zionetik. Eta apurka garatu da, eskura daude liburuak. Debakle hori jazo izana maila igo den seinalea da, hain zuzen ere. Ez era geografikoki uniformean, baina maila igo da.
Bestetik, zer galdua zutenek ez dute goia jo. Noiz egin dute ba tramite faseetan? Sailkatzea normaltzat eta ez sailkatzea porrot moduan hartzen diren faseetan, niretzat final-laurdenak eta finalistentzat finalerdiak, saiorik onenak beti egiten dituzte zer galdurik ez dutenek. Ala ahaztu dugu zein perfil zuten Ametsek 2005ean, Sustraik 2001ean, Sorozabalek 93an edo Egañak 86an?
Finalistek hasieratik parte hartu izan balute, ezaugarri hori markatuagoa izango zen oraindino. Gure artean lurtarrak eta estralurtarrak ikusten dituztenen harridurarako, Gipuzkoako txapelketetan demostratu den moduan.
Aztertu diskurtsoa, bakarkakoen eraikuntza, erantzun den ofizioetako maila, errimaren lanketa, metrika aukeratuak... konparatu aurreko txapelketekin eta utzi publikoki demagogia egiteari.
Fredi Paya bertsolari algortarrak gaur "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.