
Zortzi urte beteko dira etzi, larunbata, ETAk
Jose Maria Lidon Bizkaiko Auzitegiko Bigarren Aretoko magistratua Algortako bere etxeko garajean hil zuenetik. Hori dela eta, Lidonen aldeko kontzentrazioa antolatu du biharko
Bakearen Aldeko Koordinakundeak. Elkarretaratzea Deustuko Unibertsitateko Labirintoaren patioan izango da, 11:00etan. Ordu batean, berriz, Bilboko Justizia Jauregian egingo diote omenaldia. Horretan parte hartuko du Barrikako PSE-EEren zinegotzi izandako Idoia Mendia Herri Administrazioa eta Justizia sailburuak. Lidonen hilketan lagundu zutelakoan, Orkatz Gallastegi berangoztarra
zigortu zuten, nahiz eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hainbatetan salatu frogak eta epaiketak "muntaia" zirela, Estatuak "norbait" zigortu bide zuelako: "Orkatz hasieratik zegoen kondenatuta. Horretarako atxilotu zuten. Lidon ustez hil zutenak hilak ziren, eta errudun zuzenen bat behar zuten, bide batez, Lidonen familiarrek kasu hauetan errudunei aplikatzen zaien 'erantzukizun zibila' jasotzeko. Eta Orkatz hautagai ona zen Ertzaintzarentzat, Eusko Jaurlariarentzat. Eta hor dago, espetxean, Ertzaintzak, Eusko Jaurlaritzak, Espainiako auzitegiek, Espainiako Gobernuak, dirua legezko itxurak eginez kobratu beharrak, 'El Correo'k eta bestek kondenatuta". Urtzi Murueta leioaztarra ere auziperatu zuten arren, Lidonen hilketarekin zerikusirik ez zuela izan
berretsi zuen Espainiako Auzitegi Gorenak. Argazkian, Jose Maria Lidon / ©
Espainiako Barne Ministerioa.