Hamaika Bilbok denboraldi berriari indartsu ekin dio zuzendari berriaren gidaritzapean. Izan ere, orain dela gutxi, Amaia Nerekan Umaran algortarra sartu da Hamaika Bilbon zuzendari gisa. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziatua, telebistan lan egin du, ekoiztetxe ezberdinetan, hainbat katerentzako saioak egiten. Azken urteotan, EHUn ere ibiltzen da irakasle lanetan, Komunikazio Zientzien Fakultatean, Ikus-entzunezko Departamenduan. "Ilusio handiz" eutsi dio erronka berriari. "Hamaika Bilboren oinarri finkoak ezartzea eta kalitatezko programazio propioa eratzea" dira, besteak beste, zuzendari berriaren helburu nagusiak, tokiko iturriek adierazi dutenez. Azken finean, "tokiko telebista euskalduna, euskaltzalea, gaztea, modernoa, hurbila eta zabala sustatzea". Zuzendari berriaz gain, hainbat berrikuntza etorri dira Hamaika Bilbora: saio berriak, web orri berria…
Hamaika Telebista euskarazko tokiko telebista sarea izateko bokazioz sortu zen, Hamaika Bilbo izanik abiapuntua. Xedea Bilbon indarra hartzea da, ondoren beste hiriburu eta herrialdetara zabaldu ahal izateko. Argazkian, Amaia Nerekan erredakzioan.