Areetako INEMeko bulegoa okupatu dute langabetuek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 6a, 19:22
“Langabeziaren aurka, langileon borroka!” lelopean, Areetako INEM bulegoa okupatu dute gaur ordu batez Bizkaiko langabetu asanbladeetako 25 bat kidek, Sestaon ere antzeko ekintza egin den bitartean. Polizia erakarri ez duen ekintza horren bidez, egun langabetuek bizi duten “egoera larria” nabarmentzea eta desenpleguaren aurka borroka egin beharraz jendea kontzientzia hartzea izan dute Bizkaiko langabetuen xedeak. Gainera, langabeziaren aurkako borrokaz mintzatzean ez dira esku hutsik etorri lanbako beharginak. Eskaera oso zehatzak plazaratu dituzte (mp3) gaurkoan: lana topatu arteko laguntza soziala edo oinarrizko errenta langabetuentzat, ordu estren desagerpena, lan orduen murrizketa eta etekinak dituzten enpresetan Lan Erregulazio Espedienteak (LEE) debekatzea.
Baldintza horiek betez gero, guztiontzako “lan duinak” eta “diru nahikoa” izango delakoan daude. Dena den, gaurkoa ez da burutu duten lehenengo ekintza, orain dela hiru aste beste ekimen bat egin baitzuten, “arrakasta handiz”, Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon duen jauregiaren aurrean. Aurrera begira ere, eskakizunak zabaltzen jarraitzeko asmoa adierazi dute.

Bizkaiko Langabetuen Asanbladen oharra:

Langabetu eta langile lagunkideei:

Bizkaiko langabetuen asanbladek, urteetan langabeziaren aurka, langabetuak lanpostuak eskuratzeko antolatu eta soldata unibertsal duina (oinarrizko errenta), ordu estren desagerpena, lanaren banaketa eta beste eskaera duinak betetzeko borrokaren antolakuntzan saiatuta, borrokan jarraitzen dugu.

Egungo gizartearen egoerak (kapitalak sortutako krisiaren egoera) milaka langile eraman ditu beraien lana galtzera, eta lanik ez geneukanoi lanpostu bat eskuratzeko ezintasuna ezarri digu.

200.000 langabetu baino gehiago egonda, eta egunik egunera Euskal Herrian kopuru hori handitzen doan bitartean, INEM-eko ilaretan aurkitzen dugu elkar. Bakoitza bere arazoekin, bere amorrazioarekin, baina isilik eta egoera jasaten (aldi askotan, egoera honen ondorioz estresaturik eta gaixo egoeran), mirari baten zain. Baina miraririk ez da. INEM-era joaten gara erregistratzera, sorospena eskatzera, edo eta azkar amaitzen diren 420 euroak eskatzera.

INEMa langabetuen kontrolerako eta beste ezertarako balio ez duen “bulego” soil bat da. Dauzkagun arazoak ez dizkigu konpontzen: lanbide falta, eskudirutako sarreraren gabezia, hipoteka, akura, jana ura, edo eta argia ordaintzea... azken finean, hilaren amaieraraino heltzea.

Hiru hilabetero, txartelan zigilu-marka jartzeko soilik ez den beste gauzatarako itzultzen gara, arazoa ez zaigu konpontzen ez eta amorrua kendu ere, ilarako alboko lagunkidearekin mintzo egin barik eta gure gaitzespena adierazi gabe.

Horregatik, Bizkaiko langabetuen asanbladek honako hau diogu: “hau aldatu beharra dugu. Langabezian egoteak ez digu lotsarik eman behar, guk errurik ez daukagu eta. Arazo hau konpontzeko borrokan aritzen ez bagara, argi eduki behar dugu inork ez digula konponduko. Horregatik, zugatik gurekin borrokatzera animatzen zaitugu, zure herriko langabetuen asanbladan bateratu zaitez, eta zure herrian ez badago antola ezazu. Gu beti izango gaituzu euskarri”.

Langabezia ez da banakako porrota, gizarte porrota da!

Langabeziaren aurka, antolakuntza eta borroka!

Bizkaiko Langabetuen Asanbladak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun