Maialen Lujanbio andre eta jabe izan da Bergarako finalaurrekoan

Maialen Lujanbio nagusitasun osoz eskuratu du Bertsolari Txapelketa Nagusiaren barruko Bergarako finalaurrekoan garaipena. Ofiziotan eta kartzelako lanean abilen aritu da eta azkenean 708,5 puntu eta bigarren bueltarako zuzeneko txartela bereganatu ditu. Hernaniarraren atzean, Aitor Mendiluze gelditu da, puntuari erantzuten onena. Berak 680 puntu lortu ditu eta finalean sartzeko borrokan dago oraindik. Gatzago izango dute, ordea, Uztaritzeko kanporaketa ezustean irabazi zuen Beñat Gaztelumendi (644,5) eta Jon Martin (619) eta Etxahun Lekue larrabetzuarra (608,5). Horiek finalaurrekoen bigarren bueltan sartzeko aukerak badituzte baina litekeena da haien bidea hor amaitzea. Eta Fredi Paya algortarraren kasuan (596) seguru aski Bergara izan du azken geltokia. Dena den, algortarrak "gustura abestu" duela azaldu du. Saioa 1.550 bertsozalek betetako Labegaraieta polikiroldegian burutu da, Alaitz Rekondo aurkezleak jarritako erritmo biziaren artean. Eguneko anekdota Lujanbio eta Martinen arteko ofizioan tabernako labe bat dela eta argindarra joatea izan da. Datozen orduotan Xabi Payaren txanda izango da Gasteizen. Bertan, Arkaitz Estiballes, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Iñaki Zelaia eta Maddalen Arzallus izango ditu bertsolagun. Saiorako 150 sarrera baino ez dira gelditzen. Bergarako argazki gehiago hemen.

Bergarako saioan Lujanbio zeharo nagusitu arren bertsolari guztiek bere harri koxkorra ekarri zuten, batzuk besteek baino maizago, ekitaldi gozagarria utziz. Bertan izan zen ALBEren hintxada, Fredi sostengatuz. Besteak beste ikasi egin genuen BECerako bidea "Paya" dela, nahiz eta horrela izatekotan Xabiren izena eramango beharko duen. Baina algortarrena ez zen Frediren aldeko pankarta bakarra. Lankideek ere, Uribe Kostako hizkuntz eta antropologia ikerketan baserritar batek Frediri txingorrari buruz esandakoa eskegi zuten polikiroldegitik: "Kaskagaragarrak emongotzo garrote!". Ez dakigu txingorrak atzokoan harrapatu zuen baina epaileek emandako puntuazio eskasak bai.

Agurretatik jada, Fredi Payak borroka gunea markatu zuen (mp3), Espartero eta Marotoren Bergarako besarkada eta iragandako A gripea uztartuz eta taularatuz. Etxahun Lekue, berriz, oilasko borrokak alde batera utzi eta elkarlanaren aldeko apustua egin zuen. Lujanbiok hainbat kontu izan zituen aipagai, tartean "Egunkaria" eta beste auzi "injustuak".

Bizkaitar biek lan txukuna egin zuten zortziko handiko ofizioan (mp3), laster hipoteka ordaintzen amaituko duen bikotearen rola hartuta. Haien ostean, Aitor Mendiluzek eta Jon Martinek ondo garatu zuten beraien lana, emaginaren kontsultan A gripeari buruzko kartel baten aurrean dauden bi emakume haurdunena, alegia. Aitorrek gaia abiatu eta horrela erantzun zion Jon Martinek:

A gripearen kontua asko
hedatu da aspalditik
farmazeutiken interesak eta
badakizu eta badakit
baina txertatu egin nahi nuke
ondorengo minetatik
nire haurtxoari jarri nahi nioke
printzipioen gainetik

Eta horrela jarraitu zuten, elkar erantzuten, Aitorrek eta Jonek:

Printzipioen gainetik haurrak
hortik zabiltza beti zu
printzipioek berriz ordea traba
agertzen zaizkizu
txertoa hartu nahiko zenuke
a gripearekin izu
eta txertoa hobea dela
zeinek ziurtatzen dizu?

Nahiz konfiantza erabateko
asko ez den haiengandik
milaka txertoa hartu ditugu
zuk eta biok lehendik
haurrari iritzi bat eskatuta
ezin erantzun oraindik
baina eskua hemen jarrita (sabelean jartzen du eskua)
ostikada bat eman dit.

Gai dramatikoagoa egokitu zitzaien, berriz, Maialen Lujanbiori eta Beñat Gaztelumendiri. Haien semeak neska bat bortxatu eta hil zuen eta epaiketaren atarian zeuden. "Eska dezaket errukia edo / belaunikatu lurrean / baina barkatu ze hitz hutsa den / heriotzaren aurrean" bukatu zuen Maialenek bere azken bertsoa.

Zortziko txikian, ordea, algarak eta Jaungoikoaren esku hartzea izan ziren, besteak beste. Barre algarak Etxahun Lekue eta Aitor Mendiluzek jarri zituzten. Izan ere, Etxahunek mila aldiz esan zien lagunei ez zuela ezer berezirik nahi ezkontza agurrean baina Aitor striperrarekin utzi dute bakarrik gela batean. Esandakoa gezurra zela argitu ondoren, honako bi bertsoak bota zituen Etxahunek: "Begiak zuregana / joan dira arin / ezin nezake eta / nik hori ekidin / ordu betean hartu / dezagun atsegin / gero esan guk ezer / ez dugula egin" eta "etorri zara oso / itxura dotorez / kartera betea dut / nik bilete morez / beraz dakizun dena / egizu mesedez / gero pentsatuko dut / ezkondu edo ez". Eta horrela erantzun zion Mendiluzek bere azken bertsoaren bukaeran: "kontatuko nahiko dezu / bukatu orduko / baina, lasai, ez dizu / inork sinistuko".

Ondoren, ale komiko batzuk ere eman zituen Beñat eta Frediren arteko ofizioa. Gaztelumendi lanak eragindako estresari aurre egiteko terapiara joan da eta bertan Fredi nagusiarekin egin zuen topo. Erasora jo zuen zuzen Beñatek: "enpresarekin nago / ni nahiko erreta / non egunero beltzen / didazun kopeta / nola egiten duzu / zuk honako buelta / zure lan guztia nik / egiten dut eta?" eta ederto erantzun zion algortarrak: "bai horrela da mutil / baina lasai zaude / terapia bat prestatu / dizut hain suabe / hemendik bi urtetara / berriz parez pare / lan berbera egiteko / baina estresik gabe".

Argirik gabeko bertsoa

Baina zortziko txikiko ofiziorik onena (mp3) ondoren heldu zen. Maialen Lujanbio eta Jon Martinen arteko ariketaren erdian argindarra joan egin zen Labegaraietako polikiroldegitik, tabernako labe bat piztu ondoren. Horrek Jon Martinen abilezia jokoan jarri zuen bere bertso baten erdian mikrofonoa ibiltzeari utzi baitzion baina "a capella" abesten ederto moldatu zen Martin. Maialenek bere ondoren baliatu zuen gertaera bertso gaia eraikitzeko, izan ere gai erlijiosoa zen eta zer hoberik Jaungoikoaren esku hartzea baino. Giro magikoa sortu zen minutu horietan, 1.500 lagun bertsolariei adi-adi, isilik, mutu, eta ondoren 1.500 ahots bertsoaren amaiera abesten eta 3.000 esku txaloka. Bestalde, prentsa gehiena grabaziorik gabe, Larrabetzu.org eta UKBERRI.NET izan ezik, eskuko grabagailua erabilita biek egoera moldatu zutela.

Frediren amoranteak

Sei puntuko motzean Fredi ondo aritu zen, Jon Martin bertsolagun zuela. Fredi etxera heldu eta Jon pisukidea topatu zuen bere poltsan miatzen. Bikote kontuetara bideratu zuen gaia Payak: “lan irteera da festa / gaur bihurtu da protesta / boltsa erdian zure eskuaz / zer zabiltza neska / zein dugun ba zure kezka / irten iheska / konfidantzarik gabe al dakizu / maitasunik ez da”. Horrela jarraitu zuen bien arteko elkarrizketak:

Klinex batzuk bi metxero / kartera eta llavero / bila nenbilen ta zeren bila / nenbilen hain sendo
kajoi barrutan lehenengo / eta zure poltsan gero / emanvez duzun maitasunaren / bilaketan edo...

Dudatan dabilkit sena / munduko aitzaki zaharrena / maiatsuna ez da poltsetan sartzen / hori da problema / metxero edo klinex zutzat / hartu ezazu dena / detailea da dudarik gabe / mingarria dena.

Harremana lehen zegoen / egon ziteken ondoen / baina ez dakit gerora ere / ala egongo den / nere bilaketa hor den / poltsa, mobila ondoren / amorantean mezu berririk ea badagoen...

Ondoren, agurretatik at Fredik botatako bertsorik onena etorri zen: “amoranteen jaiotza / susmo ilunen aitortza / zer daukazu zuk bular barruan / zelako izotza / eman behar lizuke lotsa / susmo makurren morrontza / poltsa hustu nahi zenidan eta / hustu zait bihotza”. Jonek ere, ederki erantzun zion: “ez nintzen betetzeko gai / beraz noiz hustuko zen zai / egon naiz hemen ez naiz uste / bezain lasai / mezuren bat topatu nahi / eta topatu dizut, ai! / beraz hartu zure poltsa / ta maletak ere bai”.

Baina, sei puntuko motzean ere, ofiziorik onena Lujanbiorena izan zen, Etxahun Lekuerekin batera abestuta. Etxahun, 42 urteko langabetua da lanpostu baterako zain dagoena, ondoan 25 urteko Maialen dago, lanpostu beraren zain. Horrela ekin zion Lekuek gaiari: “nahiz ta oraindik naizen zar / ditudan hainbat kontu txar / langabezian sartuta nago / lau urtean zehar / nerbioiek lehertzear / barruak eiten dit dardar / aukera askorik ez daukat baina / ahalengindu behar”. Erantzun ondoren, honako hau esango zion Lujanbiok: “izen-abizenak hemen / jaiolekua ondoren /eta daukazun esperientzia / aipagai nabarmen / nahiz zurea gogorra den / lasai egizu asperen /zuri ez dizute galdetuko eta / haurdun ote zaren”. Aitor Mendiluzek bere aldetik, sendo abestu zuen, Beñat Gaztelumendi erretiratu denetik bikoteko bizitza korapilatu zaiela gaia hartuta: “gogoa nola mantendu / nekea bada gailendu / igual aparte geunden artean / gertuago gendun gu / lehen bazina ta bazendu / zure falta nabarmendu / orain denbora eman didazu/ ta arnasa kendu”.

Argazkilaritzaren epika Laboaren doinuan

Kartzelako ariketan “Argazkilaria zara. Oraintxe iritsi zara gertakariaren lekura eta lanean hasteko unea da” gaia jarri zieten sei bertsolariei. Bat baino ez zen askatasun handiz murgildu ur horietan, Maialen Lujanbio, hain zuzen ere. Hernaniarrak Mikel Laboaren “Martxa baten lehen notak (mp3)” doinua eta Poliziarekiko enfrentamenduak eta kale istiluak gai hartuta, kontakizun epikoa (mp3) zabaldu zuen fotogramaz fotograma polikiroldegian, publikoa liluratuz. Gainera azken bertsorako “Egunkaria” auzia izan zuen, zeharka, mintzagai:

Irratiak zion kaleetan
zela jendetza demasa
pankarta baten ostean oihuz
bete kale eta plaza
egoera da tensoa eta
bazun iskanbila traza
hemen nork bere hitzari eusten
ere ez dago erraza
oraindik entzuten da oihartzuna
hori pelotazo jasa
lurrean odola arrasto batzuk
ta tensiozko arnasa
kordoietik hara hona nabil
foto bila nere kasa
baina kaskodun batek esan dit:
“hemen ez da ezer pasa”

Jendeak ihes egin du korrika
behe barru ta taberna
hasi denean pelotazoen
eta tiroen galerna
lehen ere hau ikusia baitut
hainbat urtetan barrena
ikusi ezta ere hori pasa da
imagina nezakena
poliziari aurre eginez
nere argazkilari sena
espaloiak hutsak atera eta
esplikatu leike dena
nahiz eta ez dela ezer pasa
den esaten didatena
pasa ez denak erakusten du
sarri asko pasa dena

Lehen ere problemak izan dira
orain dela sei urte inguru
lan egiten nun egunkariak
zer komeri zer apuru
herritarrekin bat egin eta
beste berri bat helburu
eta geroztik euskal herrian
dibujatzen dihardugu
herri berean gaude zu ta ni
baina nolako bi mundu
zure zentsura zure ezetza
bortitz segunduz segundu
baina herri honen berri emateko
nola beti gauden gertu gu
argazkirikan ez izan arren
hitzak jarriko ditugu

Beste bertsolari gehienak, berriz, kredibilitate faltaz aritu ziren, askotan beraien burua urrunegira eramanda. Horrela, Paya Afganistaneraino joan zitzaigun argazkiak ateratzera; Martinek, Indian egondakoa, bertako tsunamiaren berri eman zigun; eta Gaztelumendik melodrama sortzen saiatu zen gaitik guztiz joanda. Etxahun apal eta duin hartu zuen gaia istripuak eta argazkilarien “putre” famaren inguruan eta azkenik Aitorrek ale onen bat eman zuen gai berdintsu erabilita: “telefonoak jo deiadarra / eta piztu zait barruko arra / esklusiboa izate horrek / ematen baitit indarra (bis) / argazkia ez da txarra / egin diot klik bakarra / bihar famaren aparra / baina sentipen arraroa da / batzutan gogor samarra / denek bi begi itxi dagoan / nik bat zabaldu beharra”. Gaiarekiko distantziaren adibide aipagarria da Fredik eta Etxahunek oraindik orain argazki kamera analogikoa erabiltzen ei dutela.

Baina, kartzelatik irten eta gora egin zuen algortarrak, Bizkaiko txapelketan edo finalaurrekoetan emandako erakustaldien pare. Zoritxarrez puntuatzen ez duen bertsoan, azken agurrean, alegia, egin zuen. Bertan, Alakrana itsasontziko arrantzaleen senideei eskaini zien bertso hunkigarria (mp3).

Argibide gehiagorako:

Bergarako saioan Maialen Lujanbio nagusi (Larrabetzu.org)

“Eguzkiak urtzen du goian...” eta Maialenek berotu zuen Bergara (Gara)

Martxa baten lehen notak (Berria)

Maialen Lujanbio nagusitu da Bergarako finalaurrekoan (txapelketanagusia.eu)

• Bideoak ikusteko, bertsoa.com eta bertsoplaza.tv webguneetan sar zaitezke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun