
Kirol jardueretan euskararen erabileraren sentsibilizazio eta sustapen kanpaina berri bat aurkeztu du gaur Bizkaiko Foru Aldundiak. Bereziki 6 eta 16 urte arteko adin tartean egiten diren kirol jarduerei begira prestatu da kanpaina, eta kirola egiten duten umeei zein haiek ikustera doazen helduei zuzenduta dago. Kanpaina euskarri ezberdinetan gauzatuko da. Horrela, paperean 2.000 poster, 25.000 liburuxka eta 40.000 egutegi banatuko dira, eta euskarri elektronikoan mikrowebgune bat eta sakeleko telefonorako deskargak egiteko plataforma bat sortu dira. Besteak beste, ekimenari babesa agertu diote, Gehitu Kirolera egitasmoaren barruan,
futbol talde getxoztarrei euskarazko entrenamenduak ematen ibilitako Koikili Lertxundik, eta Plentziako Arkote Arraun Elkarteko emakumezko arraunlariek. Udalerriei dagokionez, Erandio, Getxo, Leioa eta eskualdeko gainontzeko herriak hartzen dituen Uribe Kostako Mankomunitateak babesten dute kanpaina. Argazkian, Koikili Lertxundi Athleticen jokalaria Getxoko Euskara Zerbitzuaren "Euskaraz Bizi" kanpainako kamiseta jantzita.