Miren Amuriza nagusitu da Gasteizko finalaurrekoan

Miren Amuriza berriztarrak irabazi du gaur Gasteizko Europa jauregian jokatu den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoa, 655,5 puntuz. Laudioko kanporaketan irabazi izana kasualitatea ez zela eta 19 urterekin kontuan hartzeko arerioa dela argi erakutsi du bizkaitarrak. Laudion, azken Bizkaiko txapelketako finalean egondako Fredi Paya eta Onintza Enbeita gainditu zituen eta gaur ere gauza bera egin du Unai Iturriaga, Arkaitz Estiballes eta Xabi Payarekin. Gainera, bertsolaririk erregularrena izan da gaurko saioan, ia beti goia joz. Dagoeneko, finalaurrekoen bigarren bueltan zuzenean sartzeaz gain, BECeko finalera sartzeko borrokan kokatu da. Amurizaren ostean, Iñaki Zelaia (643,5 puntu), Arkaitz Estiballes (630,5), Unai Iturriaga (626), Xabi Paya (616) eta Maddalen Arzallus (588) gelditu dira. Xabi "egindako saioarekin pozik" agertu da eta bigarren bueltan sartuko delakoan dago. Hurrengo finalaurrekoa Tolosan izango da 14an, baina Uribe Kostako zaleen hitzordua hurrengo egunean dago jarrita, Hendaian. Bertan, Jone Euriak abestuko du eta hara joateko autobusa jarri du ALBEk. Izena emateko albegetxo[abildua]gmail.com helbidera mezu bat bidali behar da. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Kanpoan egundoko hotza, euria eta txingorra egin arren, Gasteizko Europa jauregian epel izan dira gaur bertsozaleak. Baina, 1.200 lagun batera ematen duten berotasunak baino, bertsolariek hainbat alditan asmatu izanak epeldu ditu horiek.

Oholtza gainean lau bizkaitar, gipuzkoar bat eta lapurtar bat aurkitu dute era batez zenbatuz gero. Bi emakume eta lau gizon, beste era batean. Eta bi gaztetxo, hiru karroza eta gazte txartelik gabeko gazte bat, adinez sailkatuz gero. Bada, emakume gazte bizkaitarra gailendu da, eta Bergaran baino askoz puntu gutxiago banatu badira ere, Miren Amurizak goxo baloratu du azken agurrean: “niretzat behintzat da nahiko / beraz une hau gogoratuta / jarriko naz nostalgiko / aste osoan irribarrea / ez dit ezerk estaliko”.

Saio osoan zehar, maila altua erakutsita, alerik onenak kartzelako gaian zabaldu ditu Mirenek. “Mezu hau jaso duzu mugikorrean: ez egon nire zain” gaiari horrela heldu dio:

Sekula ez dut probatu izan
benetako maiteminik
baina gaur arte ere nagonez
negar ugari eginik
taberna baten geratu gara
ta nago barran zutunik
kafearekin oraindik
ezin aldegin hemendik
lotsatan eta amorruz nago
ta esango nioke nik
hobe mezu hau orain bi ordu
bidali izan bazenit

Bi ordu luzez zu itxaroten
egon naiz hemen mutiko
tarte horretan lehenengo zitaz
oroitu naiz nostalgiko
nola berandu iritsi zinen
baina polito-polito
gerturatu zinen tinko
ta ninduzula begiko
esan zenidan baina dirudi
hura ez zela betiko
tabernariak ere badaki
ez zarelako etorriko

Zer egingo dut pasatakoa
nolabait aldatu dedin
kafe gozoa hotzitu egin zait
ta dago ni bezain gordin
nahiz ta buruan imaginatu
dozenaka printze urdin
denak dabilz berdin berdin
komeni denean ekin
baina halere beste ordubian
ezin etxera aldegin
hemen be negar egin dezaket
behintzat konpainiarekin

Xabi Payak, ordea, beste ukitu bat eman dio, bera ere bikote gaiari helduta, bertso bakoitzean dramaren atal bat garatuz. Ezinbestean, habanera doinua erabili du:

Oso zoriontsua naiz
ez dut gezurrik esango
nik baino alaiagorik
ez da munduan izango
maleta ondo prestatu dut
prestatu buru ta zango
Kuban beharko ditugu
bai hemengo ta bai hango
baina aireportura helduta
sms bat sendo
ez egon nire zai arren
hori ez ote da tongo
nik itxarongo zintudan
badakizu oso ondo
baina uste dut abioiak
ez duela itxarongo

Mirentxu niretzako da
betidanik ezaguna
lehenbizi egin nuen
nire gertuko laguna
ondoren azaldu nion
barreneko maitasuna
eta onartu zizkidan
hitza eta eraztuna
ai, baina ezin da egin
zuk egin didazuna
aurpegia eman gabe
ez baita bate txukuna
mezu honek ez lekarke
holako estutasuna
atzokoa ez balitz
gure ezkontza eguna

Atzo zatitu genuen
gure ezkontzako pastela
ta kotxe atzean jarri
“just married”-en kartela
elkarri esan genion
Kubara bagoazela
zuk oso ondo zenekien
ni zoriontsu nintzela
nahiz eta gauzak Mirentxu
ezin egin ba horrela
maite minduta naukazu
hau da maitasun itzela
ta benetan opa dizut
ta sinistu upela
ni ondoan izan gabe
zoriontsu izan zaitezela

Lan horretan bikote kontuez aldendu den bakarra Arkaitz Estiballes izan da. Bertso eta trama txukun eta dibertigarria harilkatu du berak lehenengo bertsotik: “gaur bazkarian prestatzen hasi / eta ia segundura / mezu barri bat heldu zaidala / bapatean naiz kontura / nire ama da ez datorrela / zer poztasuna barrura / dutxan sartu naiz eta 35 / gradutan jarri dut ura / desodorante pixka bat / bota koloniaren freskura / telefonoko gida hartuta / gonbidatu hau ta hura / etxe guztia gaur neuretzako / ia heldu naiz zerura / bueno ama ez da helduko / baina ez dit asko kargura”.

Gaian sartuta, bazkariaren prestaketa, musika, lagunak, porroak eta alkohol usaina aipatu ditu, borobil bukatzeko: “txirrina entzun dut atera / hurbildu eta zer lagun andana / hor dago Eva gaur guapa guapa / eta guapago Rosana / ederto asko aterako da / hemen gaueko plana / lagun on batek esaten dun lez: / “ostrak, putak ta txanpaña” / ta orden horretan ez derrigorrez / oin zirri oin laztana / gustura nago gurasoen / ohe handian etzana / badago hemen zer probatua / zer jan ta zer edana / ta holako batean ustekabean / atetik sartu da ama”.

Ofiziotan, tragediak eta porroak

Baina ofiziotan ere izan da zer entzutekoa. Zortziko nagusian, esate baterako Xabi eta Arkaitz herri txiki bateko bikote dendaria izatea egokitu zaie. Haien alaba atxilotu zutenetik hainbat herritarrek beraienean erosteari utzi diote. Lehenengo bertsoaren bukaeran bere amorrua adierazi du payatarrak: “nahiz eta denda bera dugun / inor ez da hornitzen gaitz / ene andrea zu ez dakit baina / ni ere preso sentitzen naiz”. Estiballesek horrela jarraitu du elkarrizketa: “burua beti altu eraman / eta paparra atara / nik gauza asko saldu ditzazket / baina ez nire alaba”.

Zortziko handian ere, Unai Iturriaga eta Iñaki Zelaiari odola emateko autobusari begira jarri dituzte, egundoko ilara duena. Saio osoan zehar bezala, bertso solteren bat kenduta, Iturriagak ez du plazaratu ohiko maila ona. “Naizena erakustera” etorri dela, “goizean prentsan irakurri lez”, bota du aurrena Iturriagak lehenengo agurrean, eta “bertsolaritzak horixe dauka, inoiz gaizki inoiz ongi” baloratu du ariketa guztien ostean, azken agurrean. Bada, Zelaiari horrela aurkeztu dio odol bilketaren gaia: “ni emateko prest nago baina / lan zaila daukat benetan / ezin da eman porrorik erre / baduzu hilabetetan / zoaz zu ta itxarongo dizut / pareko taberna hortan”. Zelaiak txukun erantzun dio: “arrazoi pixka bat ere duzu / oraingo aipamenean / itxuraz ez dago odol garbirik / Unai zure barrenean / ni joango naiz ta emango det / onena da azkenean / jaso beharra izaten da eta / gutxien uste denean”. Gainera, azken bertsoan horrela errematatu du Unairekiko elkarrizketa: “itxoin tabernan ardo botila beltz / eder bat aterata / hor ateratzen dedan guztia / berreskuratu behar da ta”.

Zortziko txikian ere erbiarena egin du Unai Iturriagak, kasu honetan Estiballesen mesederako. Gaia honakoa izanda da, Arkaitz aireportura joan beharra duela, Unaik berak eramango duela esan eta autoan seigarrenez pasatu direla leku beretik. Gainera, Estiballesek primeran baliatu du Unairen aurreko porrero rola: “hegazkina hartu behar / ta oraindik horrela / ta unai fumatuta / askotan bezela / badakizu dudala konfiantza itzela / baina ziur al zaude / bidea hau dela?”. Bigarren bertsoan ere jipoi ederra eman dio durangarrari: “kriston itsuarekin ta / begiak diz-diz / jan ditu sei chupachups / ta hiru regaliz / kale hontatik goaz / zazpigarren aldiz / begira zure ama / agurzazu berriz”. Hor izan du Iturriagak ale on-on gutxietako bat: “gure ama berriro / ospera de dio / galdu naiz onartzen dut / ze erremedio / bere begitxoekin / horrelaxe dio / beti dio: “hegoak / moztu banizkio”. Baina Arkaitz ez da harrapatutako ehizakia askatzeko prest egon eta Unairi zintzurra egitea nahiago izan du: “aireportura enaiz / iritsiko jada / aparkatu esazu / goazen tabernara / disgusto hau kentzeko / trago bat atara / bueloa hartu duen / bakarra zeu zara”. Horren ostean, baina, Unai Iturriaga Pereten kantan bezala ez da hilda egon, kañak edaten baizik: “azken baten tabernan / ez al gaude hobeto / gure keller txikiak / ta porro tarteko? / Zer gogo zenituen / Madrila joateko? / Garzon etorriko da / zu eramateko”.

Bertso motzak, baina halere politak

Seiko motzean, berriz, gai tragikoak nagusitu dira. Estiballes eta Arzallusi paratutakoa kasu: “bikotea zarete eta gustura izango zenukete haur bat, baina badakizue gaixotasun genetiko bat izateko arriskua duela. Arkaitz, saiatu egin nahi duzu. Maddalen, zuk ez”. Lapurtarrak horrela bota du Estiballes atzerantz: “nahi duzu helburua bete / nik dauzkat dudak dezente / zeren ametsa amets gaiztoa bihurtu liteke” eta “baina zoratu al zara? / Izango dun mila traba / nik ez dut haurrik jaiotzerik nahi sufritzeko bada”. Halere, sendo egin dio aurre Estiballesek: “baduzu arrazoi dexente / eta zu zeurean tente / haur gaixoekin halan da ere bada hainbat jente / lekarkeena mila neke / ametsa nahi nuke / bete sufrimenduan zoriontasuna aurkitu daiteke”.

Ildo mingarri beretik joan da Unai eta Miren arteko lana. Berriztarrari minbizia izan eta sendatu arren ja Unairen aurrean biluztu nahi ez izatea egokitu zaio. Hemen ohiko Unai Iturriaga aurkitu nahi izan duenak topatu egin du, baita Miren Amuriza oso sendo bat ere. Horrela abiatu da durangarra: “horren beste min igaro / lotsak ta penak luzaro / baina noizbait eten beharra / maitea hau klaro / nik maite zaitut gehiago / operatuta geroago / lehenago ere ederra zinen / orain ederrago”. Amurizak horrela jarraitu dio: “berton dugu iragana / eta hau da panorama / nahiz egunero jasotzen dudana / zuk daukazun dana / bularrak dut eramana / eta ez dakit laztana / nola maiteko duzun neuk ere maite ezin dudana”. Ulerkor agertu da Unai azken bertsoan: “ni nauzu aldamenean / ez azpian ez gainean / eta barrutik biluzte zaite gura dozunean”, honako erantzuna jasotzeko: “bular bakarraz naukazu / falta dudana zara zu / ta horrexegatik nago bizirik eta hain indartsu / biok gaudenez jo ta su / berriz egidazu kasu / itzal ezazu argia eta besarka nazazu”.

Tragediatik at gelditu diren bakarrak Xabi Paya eta Iñaki Zelaia izan dira, gaia horretarako ere ematen zuela. Hilabete ezkonduta eman ostean Zelaiak Xabiri esan dio ezin duela beragaz jarraitu. Horrela erreakzionatu du Xabik, albistea jakitean: “eman dizut kariñoa / musua eta mimoa /
horren gogorra duk eta nire sexu erritmoa?”. Bere egoera argitu du orduan Zelaia triste itxura: “orain latigoz jotzen omen da azken sexu moda / gauez erabat aztora / nabilki behera ta gora / hilabetean pasatu zera usotik otsora”. Azken bertsoan agurra eman edo jarraipena bilatzean aritu da Paya: “misionero gisako / ibiltzen zinan galako / niretzat aski ez da hori baina zuretzako nahiko / akabo soka ta salto / felazio ta asalto / baina azkena egin dezagun despedidarako”. Baina uzkur agertu zaio hernaniarra: “beti gaude izerditan blai / sexua da gure etsai / eta gure ... ai... hartu diozu despedida usai / zu zure bidetikan jai / nigatik ibil zaite lasai / nik despedidan kanposantura ez nuke joan nahi”.

Puntuari erantzuten

Puntuari bapatean erantzunez, ederto moldatu da Miren Amuriza. Gai ziku batetik ur putzua ateraz:

“Juanito Oiartzabal ezaguna dugu...” / telebistan ikusi duzue seguru / Kortarekin bueltaka biak buruz-buru / horiek gainetik kentzen lan zaila daukagu.

“Zigarroa erreta Everesten gora...” / halaxe pasatzen du Juanitok denbora / nahiz ondoan laguna dabiltzan gustura / ni ez nintzateke joango berekin inora.

“Orain telebistako izar bihurtu da...” / ETBn sartu zen ta dabil hain gustura / baina hori ote da bera daukan muga / famak burua ere galdu egiten dau ba.

Halere puntuazio hoberena atal horretan Iñaki Zelaiak eraman du, Trebiñuko arabartasuna defendatuz. Horrela erantzun dio lehenengo puntuari “Trebiñok izan nahi du Arabako parte...” / eta ahaleginean ari da jota ke / hemen gertuan dago ez dago aparte / gure laguntzarekin hori lor dezake.

Xabi Payari, berriz, gai arrunta, Arabako ardoa, egokitu zaio. Izan du aurretik kantatuta, lehenengo agurrean (mp3), amak beragatik elizan eskatuko zuela baina, gehiegi ez eskatzearren, gai eskasaren bat tokatuz gero Jaungoikoak argia amata zedin eskatu ziola, Bergaran gertatu bezala. Baina, Jaungoikoa ez da omen Gasteiza joaten eta argi guztien pean eta mikrofonoak ozen horrela abestu du Xabik:

“Arabako ardoa oso sonatua...” / nahiz aspaldian Xabik ez dun probatua / oraintze tokatzen zait hastea tratua / gero probatu eta jarri maila altua.

“Zuri, beltz ta gorria hirurak aukeran...” / niri lehenbizikoa probatzeko eman / zuri hartu liteke txakolinan eran / baina kontuz jan gabe ez askorik edan.

“Baso bat ona ei da osasunerako...” / baina bi hartzea sarri gure kalterako / birekin bestetxo bat nola ez da faltako / eta horrela amaitzen dugu beti txarto.

Sailkapena

Bi saioren faltan ezin daiteke gauza gehiegirik esan, fase honetan 24 bertsolaritik 18 igaroko baitira bigarren bueltara, baina puntu gutxien dutenen egoera deseroso bilakatu da dagoeneko, tartean Fredirena eta, gutxiago bada ere, Xabirena.

Zuzenean sailkatu direnak:

Bergarako irabazlea, Maialen Lujanbio 708,5 puntu
Gasteizko irabazlea, Miren Amuriza 655,5 puntu

Puntuazioz sailkatze zerrendan daudenak:

1- Aitor Mendiluze 680 puntu
2 – Beñat Gaztelumendi 644,5 puntu
3 – Iñaki Zelaia 643,5 puntu
4 – Arkaitz Estiballes 630,5 puntu
5 – Unai Iturriaga 626 puntu
6 – Jon Martin 619 puntu
7 – Xabi Paya 616 puntu
8 – Etxahun Lekue 608,5 puntu
9 – Fredi Paia 596 puntu
10 – Maddalen Arzallus 588 puntu
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun