Ikerketa ekainean abian jarri zen, Ertzaintzak jakin zuenean emakumezko bat kokaina banatzen zuen narkotrafikatzaile talde antolatu bateko arduraduna izan zitekeela. Lehen ikerketen arabera, hainbat kidek osatzen omen zuten taldea eta Boliviatik zetorren droga herrialdean sartzeko eta banatzeko helburuarekin antolatuta omen zeuden. EAEko Polizia susmagarria (41 urteko emakume bat) zelatatzen eta segitzen hasi zen; emakumezkoa Boliviakoa zen eta Hego Amerikako herrialde horretara aldizka bidaiatzen zuen. Dirudienez, andrea Bolivian banatzaileekin harremanetan jartzeaz eta taldeko kideei ordaintzeaz arduratzen zen. Ikerketaren ondorioz, Ertzaintzak taldeak erabiltzen zuen jardunbidea ezagutu ahal izan zuen: droga garraiolariek Madrilera eta Amsterdamera eramaten zuten hegazkinez, eta ondoren, Bilbora bidaiatzen zuten errepidez. Taldeko kide bat arduratzen zen droga garraiolari hauek batzeaz, komisio baten truke. Ondoren jakin ahal izan dutenez, jardunbide hau aldizka erabiltzen zuten, iragan irailean Eskuinaldean droga banatzeaz arduratutako kidea Barajasen atxilotu zuten arte; izan ere, maleta batean 5 kilo kokaina zeramatzala atzeman zuten. Atxiloketaren ostean, droga paketeria bidez bidaltzen hasi ziren kantitate txikietan (100 eta 200 gramo artean); hain zuzen, taldeko kide baten senitarteko baten (48 urteko gizon bat) etxera bidaltzen zituzten, eta pertsona hau eskaerez eta eskaerak beste taldeko kide batzuen bidez helarazteaz arduratzen zen. Gainera, alokairuzko etxebizitzak eta droga ematen zizkien, eskala txikian trafikatzeko. Hain zuzen, pertsona honen etxebizitzan hiru arma labur, subfusil bat eta material informatikoa atzeman zuten, atxiloketaren ostean egindako miaketa batean.
Miaketa ugari
Ertzaintzak egindako operatiboa asteazkenean amaitu zen Barajasen, Guardia Zibilaren eta aireportuko polizia judizialaren laguntzarekin, purutasun handiko 4,5 kilo kokaina atzeman zituztenean; hainbat gauza gehiago zekarren kargamentu batean ezkutatuta. Jarraian, ustezko droga-trafikatzaileetako lau atxilotu zituzten Espainiako hiriburuan. Guztira, 29 eta 51 urte arteko zortzi gizon eta emakume bat atxilotu zituzten; horietako bost Boliviakoak dira, bi Ekuadorrekoak, bat Mexikokoa eta beste bat Espainiakoa. Halaber, beste bi pertsona gehiago inputatu dituzte, sarean nahasita daudelakoan.
Atxiloketak egin ostean, taldeko kideen hainbat etxe miatu zituzten eta, bertan, guztira 175 gramo kokaina, doitasun-balantzak, bi pistola, errebolber bat eta subfusil bat atzeman zituzten. Halaber, 2.000 euro aurkitu zituzten billetetan. Atxilotuetako zortzi Bilboko Instrukzioko 2. Epaitegiaren esku geratu ziren ostiralean, eta epaileak horietako zazpi espetxeratzeko agindua eman zuen, droga-trafikoaren delitu bat egotzita. Ertzaintzak ikerketa zabalik du oraindik, eta ez du baztertzen datozen egunotan atxiloketa gehiago egitea.