Gorlizen izandako auto harrapaketa baten lekukoen bila dabil Ertzaintza

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 9a, 18:22
Orain bi larunbat, urriaren 31n, kotxe istripua izan zen 20:00ak aldera, BI-220 errepidean, Gorliz eta Plentzia artean. Autoak 17 urteko gazte bat harrapatu eta ihes egin zuen, Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak adierazi duenez. Hori dela eta, balizko lekukoen laguntza eskatu du Ertzaintzak. Plentziako zubiaren igoeran (Plentziara bidean) gertatu zen ezbeharra, obretan dauden bi bidegurutzeren artean, herrian, Paulinaren aldapa izenarekin ezaguna den gunean, zehaztu dutenez. Biktima Gurutzetako ospitalera eraman zuten hanketan lesioak izan zitzakeelakoan. Ertzaintzak bere aldetik, istripua eragin eta alde egin zuen gidaria identifikatu eta gertaeraren arrazoiak argitzeko ikerketa bati ekin zion. Lan hori errazteko, ezbehar haren lekukoen bila dabiltza. Horren inguruko daturen bat eman dezakeen edonori eskatzen zaio, hortaz, Getxoko ertzain-etxeko atestatu taldearekin harremanetan jar dadila, 944 063 420 telefono zenbakiaren bitartez. Argazkian, Ertzaintzaren trafiko kontrola.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun