AAMk atzo plazaratutako oharra:
Huelvako espetxean dauden euskal preso politikoak itxialdi mugagabean:
Azken asteotan euskal preso politikoen senideen bisitak egin ahal izateko jazarpenaren aurrean Huelvako espetxean dauden euskal preso politikoek itxialdi mugagabe bati ekin diote. Itxialdian daude bitartean ez dira bisitetara aterako, eta borrokaldia mantenduko dute bisitekin izaten ari diren arazoak konpondu arte. Bihar, astelehena, ekingo diote borrokaldiari.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik honako gogoeta egin nahi du senideen aurka ematen ari diren azken jazarpenen aurrean:
Espainiar gobernuak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren amaitzeko apustua argia egina du. Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin amaitu nahi dute, borroka independentistarekin amaitzeko bidean beharrezkoa dutelako Euskal Herrian erreferentzia politiko ezinbestekoa duen eta 750 euskal herritarrek osatzen duten Kolektiboarekin amaitzea.
Azken 30 urteotan Kolektibo honen aurkako neurriak etengabeak izan dira. Birgizarteratze planak, sakabanaketa era bakartze politika, komunikaziorako eskubidearen murrizketa etengabeak, jipoiak e.a. Aurrez erabili dituzten neurriek porrotak eraman dituzte neurriak berriak pentsatzera eta martxan jartzera. Azken urteotan gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantentzearekin eta biziarteko zigorraren aplikazio praktikoarekin espetxeetako egoera muturrera eraman dute, benetako Guantanamo bat eraiki dutelarik euskal preso politikoentzat.
Baina espetxeetako neurrien norabide berdinean euskal preso politikoekiko elkartasuna itotzeko urratsak eman dituzte. Senideak beti egon dira espetxe politikaren jo puntuan. Sakabanaketa politika da horren adibiderik argiena, azken urteotan 16 senideren heriotzaren erantzulea, eta pasa den ostiralean bertan bi euskal herritar ospitalizatu izanaren eragilea.
Honekin batera, azken hilabeteotan argazkien aurkako sorgin ehizarekin batera, euskal preso politikoekiko elkartasun bideak zigortzeari ekin diote.