
Getxoko Udaltzaingoak 23 urteko gizona atxilotu zuen larunbat goizean, hilaren 7an, Itzubaltzeta / Romon, bere bikotekide ohiarengana 500 metro baino gutxiagora ez hurbiltzeko agindua haustea egotzita. Era berean, erabiltzen duen modua edozein izanda, bere bikotekide ohiarekin komunikatzeko debekua ere jasotzen du Getxoko epaitegiak emandako aginduak, udal iturriek zehaztu dutenez. Udaltzainak emakumea zaintzeko lanak egiten ari ziren bere etxe aurrean. Etxetik ateratzen ez zela ikusita, bere zain geratu ziren. Goizeko 9:40ak aldera etxe aurrean dagoen tabernatik irteten ikusi zuten andrea, urruntzeko agindua duen gizonarekin lagunduta; biek Leioarako bidea hartzen zutela, tokiko polizien arabera. Emakumea hiruzpalau metro aurretik zihoan, elkarrekin ez zihoazela itxurak eginda, aipatu dutenez. Tarteka, elkarri berba egiten zihoazen, inolako indarkeria edo arbuiorik gabe. Udaltzainek identifikatzeko eskatu zieten biei, baina atxilotuak engainatu nahi izan zituen, izen faltsua emanez. Baina, azkenik, bere benetako nortasuna aitortu zuen, Udaltzaingoak nor zen argi baitzekien.