1999ko apirilaren 24an Itzubaltzeta / Romoko San Jose elizako atarian lo egiten ari zela, hil arte jipoitu zuten -burdin tutuak zirela medio- Alejo Aznar hamar bat gaztek. Bertako gazte asanbladak elkarretaratze jendetsua egin zuen elizaren aurrean eta faxistei leporatu zien erailketa. Hainbat webguneek gehiago zehaztu eta Bases Autonomas taldeari leporatu zioten. Aznar gaixo terminala zen. Gainera, drogamenpekotasuna zuen eta aurretik beste eraso batzuk pairatu zituen, tartean erretzen saiatu zuteneko hura. Bere hiltzaileetariko bat baino ez zuten kondenatu, eta adingabekoa izateagatik, 80 orduko lan zigorra ezarri zioten, "zuhurtziagabekeriazko giza hilketagatik".
Uribe Kostan eraso ugari
Eskualdean ez dira gutxi azken urteotan izandako eraso faxistak. Denboran hurbilago, Sopelan hainbat urtez bizi eta aurtengo Aste Nagusiko txupinera izandako Sonia Polori egindako heriotza mehatxua bere gain hartu zuen Falange y Tradricion izeneko taldeak orain gutxi, Euskal Herri osoan gertatutako beste 24 eraso errebindikatzeaz gain. Polori egunkari batetik ebakitako bere argazkia eta 9mmko kalibreko parabellum bala bat zeraman gutun bat bidali zioten. Zigor eta Arkaitz Goikoetxearen aita-amen Azkorriko (Getxo) baserriak ere jaso zuen erasoa, uztailaren 17an. Falange y Tradicion talde faxistak egindako eraso eta mehatxuen egileak zirelakoan atxilotutako bost lagunetatik hiru espetxera bidali zituen urriaren 26an epaile batek. BItartean, otsailaren amaieran, Getxo udalerrian Getxoko Falangea izeneko taldea sortu zutela aldarrikatu zuten hainbat ezezagunek.
Getxo ingurua "faxisten hazitegia"
Tartean, 2008ko hasieran, ekitaldiak egiten ibili zen "ezkutuan" Algortan, NEGIZ-Baskonia eskuin muturreko talde berria. Horren eraketa "ez da kontu isolatua", Sare Antifaxistaren orduan adierazi zuenez. Erakundeko kideek gogoratu zutenez, besteak beste, 2006ko otsailean, "Falange Vasca alderdiko kideak izan zituen lagun Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramaileak", Kataluniako Estatutuaren aurka sinadurak batzeko, Areetako Ipotxen plazan egindako ekitaldian. 2008ko ekainean, berriz, Juan Sebastian Elcano deituriko Espainiako armadako ontzia egon zen lau egunez Algortako kaian. Bertan egindako bazkarian dozenaka "elementu faxista" parte hartu zutela salatu zuen Sare Antifaxistak. Azkenik, Getxoko Txorimalo gaztetxeak jasandako erasoak ere jarri zituzten mahai gainean. "Hauek adibide batzuk baino ez dira. Talde guzti horien arteko harremanak ahulak dira, baina argi dago hazitegia dela Getxo ingurua", ohartarazi zuen urtarrilean Sare Antifaxistak.