Bizi ziren etxean sutea piztuz, bi pertsonen heriotza eragin nahi izatea egotzi diote Getxoko Udaltzaingoak gaur goizean atxilotutako lagun bati. Tokiko iturriek eraikina abandonatuta zegoela nabarmendu nahi izan dute. Dirudienez, M.M. inizialdun eta 21 urteko gizona, atzo arratsaldean, bere bizikide batekin liskarra izan zuen. Udaltzainek zabaldutako bertsioaren arabera, goizeko ordu-bietan gelako atean koltxoi bat jarri eta sua eman dio. Ondorioz, sute handia piztu da eta, horretan, gela barruan zeuden bi pertsonen heriotza gertatzear izan da, polizia iturriek diotenez, suteak irtetea eragotzi dielako eta dagoen leiho bakarrak burdin hesiak dituelako. Hortik arnasa hartu ahal izan dute eta Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen jokaerari esker aipatutako pertsonak erreskatatu ahal izan dituzte. Udaltzainek goizeko 5etan topatu du Getxon sutea eragiteaz akusatutako laguna. Aipatu dutenez, atxiloketa unean neurri handiko sukaldeko ganibeta zeraman, ustez atzo arratsaldean bere pisukidea erasotzeko erabili zuena.