Huelvako (Andaluzia, Espainia) espetxean dauden euskal preso politikoek itxialdi mugagabeari ekin zioten atzo. A Coruña aldeko Curtis-Teixeiro presondegiko gatibuek ere bat egin dute protestarekin, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Askatu.org agerkariaren bitartez jakinarazi duenez. Ostiralera bitartean egingo dute itxialdia, "asteburuan espetxe horretan eta beste hainbatetan izan diren gertaerak salatzeko". Curtiseko espetxean Sergio Polo sopeloztarra eta Irantzu Gallastegi berangoztarra ere badaude, herritik 630 kilometro ingurura. Presondegi berean dira Xabier Garcia Gaztelu Irantzuren bikotekidea eta euren alaba Arane. Bestalde, Mikel Lizarribar Bilboko preso politikoak "berriz tratu umiliagarria" jaso duela salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Azaldu dutenez, "Lizarribar aurrez aurreko bisitarik gabe gelditu zen asteburuan, bere neskalaguna gorputzeko miaketa egitera ukatu egin zelako. Gertaera honek eztabaida sortu zuen Mikel eta espetxezain baten artean, eta espetxezainak mota guztietako irainak bota zizkion Mikeli, isolamendura eramatearekin batera. Honekin batera arakatze bortitz bat egin zioten Mikeli, lepotik heldu eta astindu egin zutelarik. Gertaera hau salatzeko gainontzeko euskal preso politikoak itxialdia burutu zuten arratsaldean. Gauez Mikel bere ziegara eraman zuten eta berriz bere kideekin batera aurkitzen da". Argazkian, presoen aldeko manifestazioa Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!