Bi gizon atxilotu dituzte Leioan billete tindatuak erabiliz enpresaburu bati iruzur egin nahi izatea egotzita

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 10a, 20:23

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu zituen, joan den igande goizean, iruzur delitua leporatuta. Dirudienez, aurrez eman zien diru kopuru bat bikoizteko aukera eskaini zioten enpresaburu bati eta horretarako billete tindatuen trikimailua erabili omen zuten. Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, urriaren 20an, bi gizonezko agertu ziren enpresarioaren kontzesionarioan, hiru ibilgailu erosi nahi zituztelakoan. Polizia iturrien arabera, erostekotan ziren autoak ordaintzeko beren herrialdetik ekarritako dirua erabili nahi zuten: dirua legezkoa zela, baina Kamerundik legez kontra ekarri zutela zioten. Mugan atzemanak ez izateko, billete guztiak prozedura kimiko baten bidez beltzez tindatu zituiztela azaldu omen zioten kontzesionarioko jabeari eta, dirua bere betiko egoerara itzularazteko, kontrako prozesua abiatu behar zutela. Horretarako, legezko billeteak behar zituztela adierazi zioten: legezko bat, "tindatuta" zeuden biren truke. Joan den iganderako adostu ei zuten hitzordua: orduan eraman behar zuen enpresaburuak billeteak garbitzeko beharrezko dirua. Baina, iruzur egin ziezaioketen susmoarekin, Ertzaintzaren aurrean salaketa aurkeztu zuen. Enpresaburuak eta ustezko iruzur egileek hitzordua adostu zuen tokian, Ertzaintzak dispositibo berezi bat antolatu zuen eta horrela harrapatu zituen aipatu lagunak. Miaketa egitean, 500 euroko sei billete, kartulina zatiak, latexko eskularruak, maskarak, aluminio-papera eta likido garden batez betetako anpoilak aurkitu zituzten agentee, Herrizaingo Sailak esan duenez. Argazkian, billete mordoa / cc-by Eric Caballero.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun