Sententzian, ETAren informazio eta erreklutatze azpiegiturarentzat "belarriak eta ahoa" bihurtu izana egokitzen diete lauei. Zehazki, sei urte jarri zizkieten bakoitzari gutunak eman edo hainbat gai garraiatu dituztelakoan. Bertsio ofizialaren arabera, laurak erreklutatu zituzten Ibon Fernandez de Iradi "Susper"-ek eta Iñaki Bilbaok. Zuluetaren kasuan, beti epaileek diotenez, leioaztarrak uko egin zion ETAn sartzeari baina Bilbaok bidalitako "Hator ETAra" idatzita omen zuen mezuari erantzunez, hainbat tresna garraiatzea onartu ei zuen. Auto beraren bidez, Ixone Fernandez Bustilllo, Arkaitz Ormaetxe, Alaitz Artetxe, Asier Burgaleta, Angel Alkalde eta Mikeldi Diez aske utzi zituzten. Era berean, Eneko Perez eta Koldo Rosadoren aurkako karguak fiskalak berak kendu zituen pasa den urtarrilean egindako epaiketan. Orduan, 7 urte t'erdiko zigorra eskatu zuen Zuluetarentzat. Guztira, 14 lagun atxilotu zituzten 2005eko otsailaren 9an, "badaezpadako" sarekadan.
Ia bi urtez espetxeratuta
Atxilotu eta lau egun beranduago, fiskalak eskatuta, Garzonek Zulueta espetxeratu zuen. Guztiek, Espainiako Polizi Nazionalaren eskuetan inkomunikatuak izan ondoren, torturak salatu zituzten. Ia bi urte espetxeratuta izan ondoren, urtarrilaren 24an atera zuten leioaztarra Aranjuezen dagoen Madril VI espetxetik, 12.000 euroko fidantza ordaindu eta gero.
Sententzian esandakoa beteta, gaur sartu dute preso Pagoa Zulueta. Gauzak horrela, gaur arratsalderako, mobilizazioa deitu du Leioako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Bulebarrean egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan. Espainiako Auzitegi Nazionalaren Penal Aretoko Hirugarren Atalak sei urteko espetxe zigorra ezarri zion Pagoa Zuluetari.