Azken asteburuan euskal preso politiko ugari bisitarik gabe gelditu dira Espainiako espetxeetan, familiarrak bertara joan eta gero. Ez da horrela gertatu kasu guztietan, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak aipatu duenez, Espetxeetako Zuzendaritzak emandako jarraibideak "modu desberdinetan aplikatu baitira" kartzela batzuetan edo besteetan, eta familiarren artean ere hainbat modutara egin zaiolako aurre agindutakoari. Algortako presoen artean, Pol Asensio, Villenan (Asturias), bisitarik gabe gelditu zen, tokiko errepresioaren kontrako erakundeak jakinarazi duenez. Gorka Garcia Sertutxa "Patas", Huelvan, aurrez aurreko bisitetan arazoak zirela ikusita, lokutorioetako bisitak ere bertan-behera utzi zituzten. Herrera de la Manchan dagoen Aimar Hidalgo ere aurrez aurreko bisita egin gabe gelditu zen: "kartzelariek orri zuri bat eman zieten bertan sinatu behar zutela esanez", AMMk aipatu duenez. Azkenik, Arkaitz Goikoetxeak, Villenan, ez zuen bisita egiterik izan. Argazkian, euskal presoak Euskal Herriratzeko aldarrikapena Algortan.