ETB1en emango dute Getxoko Izarren Distira lehiaketarako castinga

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 11a, 19:07

ETB1eko “Bi errepidean” saioak Izarren Distira lehiaketarako castinga grabatzen dabil gaur, asteazkena, 17:00etatik aurrera Fadurako antzinako erretegian, udal iturriek jakinarazi dutenez. Hori dela eta, Urko Aristik (ETBeko eguraldiaren aurkezlea) eta Alex Sarduik (Gatibu musika taldeko abeslaria) Algortan izango dira, gazteen ikuskizunak hurbiletik jarraitzeko. Gainera, Urko Aristik berak aurkeztuko du castinga. Baina, Getxoko Udala ez ezik, Uribe Kostako Mankomunitateak ere antolatu du, aurten lehendabiziko aldiz, Izarren Distira lehiaketa. Hartara, Gorliz, Lemoiz, Sopela, Plentzia eta Urdulizko neska-mutilek dantzan zein abesten zer egiteko kapaz diren erakusteko aukera badaukate oraindik, azaroaren 23tik 27ra bitartean izena emanda. Horretarako, www.izarrendistira.nireblog.com bitakorara, Tuentiko profilera edo izarrendistira[abildua]gmail.com helbidera jo beharko dute gazteek. Argazkian, iazko irabazleetako batzuk.

Getxoko Udalaren zein Uribe Kostako Mankomunitatearen eskutik, 12 eta 18 urte bitarteko gazteek euskara hutsean 2 eta 10 minutu arteko ikuskizuna aurkeztea da Izarren Distira ekimenaren helburua. Lehiaketa batean zein bestean, ikas bidaiarako 1000 euroko dirulaguntza ala 6 lagunentzako asteburu pasa jasoko dute irabazleek. Dagoeneko Getxon amaitu da izena emateko epea. Oraingoan 11 taldek parte hartuko dute castingean, iazkoaren kopuru bikoitzak, guztira 30 gaztek baino gehiagok, udal getxoztarreko arduradunek zehaztu dutenez. Fadura, Artatza-Romo eta Aixerrota institutuetako eta San Nikolas ikastolako ikasleak dira guztiak; eta dantzatu, abestu eta antzeztu egingo dute. "Esan daiteke ekimenak, orain arte, ikusmin handia sortu duela gazteen artean, horren inguruko informazioa 2.100 lagunek baino gehiagok bisitatu dutelako Tuenti sarean eta bitakora 1.582 lagunek, gaineratu dute Getxoko Udaletik.

Getxoko II. Izarren Distira Gala abenduaren 21ean, 19:00etan, izango da Areetako Andres Isasi Udal Musika Eskolan, Nerea Alias ETBeko aurkezleak gidatuta. Euskal Kulturaren XI. Jardunaldien barruan egingo dute hori. Hilaren 10etik aurrera Algortako Kultur Etxean hartu beharreko gonbidapenaz sartu ahal izango da. Epai-mahaia, berriz, Jokin Lacallek (Seiren taldeko abeslaria eta biolin-jolea) Tor Magoak eta Andrea Arrizabalagak (gaueko Teleberriko aurkezle berria) osatuko dute. Gala girotzeko DJ Oleaktiff eta break dantzariak izango dira ikusgai.

Uribe Kostako Izarren Distira

Uribe Kostako Mankomunitateak antolatutako I. Izarren Distira lehiaketan, azaroaren 23tik 27ra bitartean egongo da izena emateko aukera. Castingak, berriz, abenduaren 1, 2 eta 3an egingo dituzte, Gorliz, Urduliz eta Sopelan, hurrenez hurren. Honetan ere, Nerea Alias aurkezlea izango da abenduaren 18an, 19:00etan, Sopelako Kurtzio kultur etxean egingo duten galaren gidari. Finalistek Jokin Lacalle, Tor Magoa eta Jone Uria bertsolari algortarraren aurrean aurkeztuko dituzte aldez aurretik landutako ikuskizunak. Oraingoan ere, DJ Oleaktiff eta break dantzari bikote gazte bat ibiliko dira gala girotzen. Sarrera dohainik izango da. Hala ere, gala ospatu aurreko asteetan eskuratu beharko dira gonbidapenak.




Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun