Athletic Futbol Taldeko ehunaka zale biltzen dituen Herri Norte Taldeak (HNT) antolatuta, errepresioaren aurkako jaialdia egingo dute larunbat honetan, azaroak 14, Itzubaltzeta gaztetxean. "Lagunak direlako gurekin nahi ditugu" lelopean, 20:00etatik aurrera, Distorsion, O.E.P. eta Ovariosvarios musika taldeek kontzertua eskainiko dute. Sarrera lau eurotan erosi ahal izango da gaztetxearen atean bertan. Izan ere, musikaz eta lagun arteko giroaz gozatzeaz aparte, baliabide ekonomikoak lortzea da jaialdiaren helburua, "Estatu espainola eta frantsesaren errepresioaren ondorioz kriminalizatutako eta preso hartutako" HNTko kide gazteren lagun eta senideek sakabanaketa politikari aurre egin ahal izateko. Zehazki, Iñigo Vallejo Franco basauritarraren lagun eta senideek Frantziako Fresnes kartzelaraino egiten dituzten bidaietan laguntzea dute xede. Vallejori 17 urteko espetxe zigorra ezarri zioten 1996an autobus bat erre zuelakoan. 2003tik aurrera, Frantziako hainbat espetxe ezagutu ditu. "Errepresioaren bidez, gazteriari hegoak moztu nahi dizkiote, aldarrikatzeari utz diezaion, lan politikoa bazter batean laga dezan. Gaur egun, euskal herritar ta ezkertiar usaina daukan edozer errepresioaren jomugan dago eta muntaia polizial-juridikoen bidez izorratu nahi gaituzte", adierazi dute HNTko kideek.