Ertzaintzak 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo, asteazkena, Enekuriko gasolindegian lapurtzea egotzita. Hori egiteko ibilgailua ostu izana ere leporatzen diote gazteari. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, joan den urriaren 15ean, gauez, jazo zen aipatu lapurreta. Artxanda gasolindegian zegoen bezero bat dendako langileari hurreratu zitzaion labana bat eskuan zeukala, eta kutxako dirua ematera behartu zuen, polizia iturriek diotenez. Horren ostean, autoz alde egin zuen lapurrak gasolindegitik eta biktimak Ertzaintzari dei egin zion. Gertatutakoaren berri izan bezain laster, kasua argitzeko ikerketa abiatu zuten. Herrizaingo Sailak dioenez, horrela egiaztatu zuten lapurrak erabilitako autoa arratsalde hartan bertan ostua izan zela, eta egun batzuk beranduago aurkitu zuten Portugaleten. Ustezko lapurra nor zen ere jakin ahal izan zuten agenteek eta atzo arratsaldean bertan atxilotu zuten indarkeria erabiliz egindako lapurreta delitu bat leporatuta.