Lehiaketaren antolatzaileak, Kinema, Imval eta Claro de Luna Bilboko zinema eskolak, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultatea eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatea, Erandioko Tartanga Lanbide Heziketa institutua eta Zinebi dira. Aurtengo gaia "Bilbo eta Itsasadarra" izango da. Film laburra adierazitako gaian oinarritu beharko da, nahiz eta zeharka izan. Generoa askea da, eta filmak hiru eta hamar minutu artekoak izango dira, kreditu tituluak barne. Kanpoaldeko lekuen %100 Bilbon filmatua izan beharko du. Izen-ematearekin batera parte-hartzaile bakoitzari HDV/DV zinta bat emango zaie. Zinta eman eta gero, parte-hartzaileek 48 ordu eta euren talentua izango dituzte beren proiektuak burutzeko. Proiektuak azaroaren 16ko arratsaldeko 18:00ak eta 20:00ak bitartean eman beharko dira Zabalgune Eraikinean, DVD eta Window Media CD formatuetan.
Gala eta sari-ematea
Film laburrek aurre hautaketaren lehenengo fase bat pasako dute. Fase honetan, erabakia hartuko duen batzordea aipatutako zinema-eskoletako kideek osatuko dute. Ondoren, epaimahai batek baloratuko ditu hautatutako laburrak eta irabazleak aukeratuko ditu. Epaimahai hau Gabriel Villotak, Arantza Ibarrak eta Shanti Basaurik osatuko dute.
Gabriel Villota EHUko Ikusentzunezko Komunikazioa eta Publizitatea Saileko irakaslea da eta artista moduan lanak egiten ditu. Horrez gain, ikus-artearekin zerikusia duten jarduerak antolatzen ditu. Aldizkari espezializatuetan, arte katalogoetan eta beste komunikabide idatzietan argitaratu du. Arantza Ibarra idazlea, gidoigilea eta zine zuzendaria da, eta "Zigortzaileak" filma zuzentzen ari da gaur egun, Alfonso Arandiarekin batera. Euskaraz filmatuta eta 'bullying' arazoari buruzkoa, "Zigortzaileak" pelikulan Anne Igartiburuk, Carlos Soberak eta Xabier Elorriagak hartuko dute parte, besteak beste. Shanti Basauri konpositore eta musikaria da, "Agur Marijaia" abestiaren autorea. Abestia 2009ko Aste Nagusiko amaiera ospatzeko estreinatu zen.
Azaroaren 20an arratsaldeko 20:00etan ospatuko den festan emango dira hautatutako lanak Zabalgune eraikinean, eta bertan jakinaraziko dira bi sarituen izenak. Sariak hurrengoak izango dira: 600 euroko lehenengo sari bat eta 300 euroko bigarren sari bat. Joan den urtean bezala, film laburrak "El Correo Español" egunkariaren web-orrian izango dira ikusgai: http://servicios.elcorreodigital.com/zinebi-express. Lehiaketaren oinarriak kontsulta daitezke hurrengo web orrian: www.zinebiexpress.es.
Iazko edizioan 53 zinemazale taldek eman zuten izena I. Zinebiexpress lehiaketan parte hartzeko, eta aurten antolatzaileek asteburuan zehar Bilboko kaleak filmazio taldez betetzea espero dute berriro. Pasa den edizioan talde gehienak bilbotarrak ziren, 23 hain zuzen ere. Gainera, Barakaldoko bi talde, Getxoko beste bi, Donostiako bi, Gasteizko bi, Sopelako bat, Barrikako bat, Portugaleteko bat, Galdakaoko bat, Bergarako bat eta Aguraingo beste bat ere aritu ziren.