Pol Asensio algortarraren etxekoen ahotik jakin du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, Villenako espetxean (Alacant, Herrialde Katalanak) dauden euskal preso politikoek itxialdiari ekin diotela, "joan zen larunbatean bisitara joandako senitartekoak arakatzen hasi eta bisitarik gabe gelditu zirela salatzeko". Asensioz gain, Arkaitz Goikoetxea getxoztarra ere badago bertan, herritik 758 kilometrotara. Gogoratu behar da Galizia aldeko Curtis-Teixero espetxean dauden presoak itxialdia egingo dutela gaur arte. Bada, azken asteburuetan kartzela askotan gertatzen ari den bezala, pasadan asteburuan, Irantzu Gallastegi berangoztarra bisitatzera joandako senideek, bisita barik gelditu ziren "arakatzeari uko egin ziotelako". "Aipatzekoa da Irantzuren bisita guztiak bisa gelan egiten direla, Arane alaba berarekin irteten delako eta astebururo egoera horrekin aurkituko direla", ohartarazi du Uribe Kostako AMMk. Bitartean, Marije Fullaondo algortarra, Asturias aldeko Villabonako espetxetik atera eta Soto del Realera (Madril, Espainia) eraman dute, handik Castellora eramateko. "Daukagun informazioaren arabera, datorren astean eraman dezakete Sototik Castellora", azaldu errepresioaren kontrako erakundeak. Argazkian, euskal presoak Euskal Herriratzeko aldarrikapena Algortan.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!