Iruzur hori dela eta, Leioako Udaltzaingoak argi utzi nahi du inoiz ez dela inongo laguntza ekonomikorik eskatu horrelako argitalpenak egiteko, beti Udaleko aurrekontuen barruan kokatu baitira eta horrela jarraitzen du izaten. Beraz, adi egotea aholkatzen du eta inongo laguntza ekonomikorik ez egiteko eskatzen du.
"Pertsona gehiago iruzur horrekin engainatuta ez izateko" Udaltzaingoak herriaren laguntza eskatu du informazio hau zabaltzeko. Era berean, edozein intzidentzia emanez gero Udaltzaingoari helaraztea eskatu dute.
Egunotan Leioako dendariei Udaltzaingoaren izenean iruzur ekonomikoa egiten saiatzen ari direla ohartarazi du gaur Leioako Udaltzaingoak berak, merkatarien lekukotasunetan oinarrituz. Maula saiakerek Leioako Udaltzaingoak argitaratu behar ei duen iruzurrezko aldizkari-gida dute amua.Tokiko Poliziak azaldu duenez, iruzurrak telefono bidezko harremanen bitartez egiten ari dira. Maularen ohiko prozedura honakoa da: merkatariak telefono dei bat jasotzen du zenbaki ezkutu batetik. Hariaren bestaldean dagoena izen faltsu batekin aurkezten da, azken kasuotan Juan Jose Tebar izan dena. Konfiantza areagotzeko 902 zenbakiekin hasten den telefono zenbaki bat eta fax bat ere ematen ditu iruzurgileak. Ondoren, Leioako Udaltzaingoak aldizkari-gida bat egiten ari dela adierazten du eta hori argitaratzeko 90 eta 120 euro bitarteko laguntza ekonomikoa eskatzen du. Laguntza egiteko kontu korronte baten zenbakiak eta titularraren datuak ematen ditu maula egileak. Argazkia: cc-by-nc-sa