
Larunbat honetan, azaroak 14, ipuin kontalari saioa entzuteko aukera izango dute Gorlizen, 4 urtetik gorako ume eta gaztetxoek. Ekitaldia ikastetxean izango da, sarrera dohainik, 18:30etik aurrera. Gauzak horrela, orduan heltzea eskatu diete haur eta gurasoei tokiko arduradunek, ateak 18:40ean itxiko baitituzte. Bestalde, abenduaren 2an, asteazkenarekin, mitologia tailerra izango dute 6 eta 12 urte arteko neska-mutil gorliztarrek,
Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren bitartez. Ordutegia, 16:30etik 18:30era jarri dute, Gorlizko ikastetxean. "Tailerrean euskal mitologia aberastuko dugu umeek sortutako kondaira berriekin", azaldu dute tokiko arduradunek. Izena eman nahi duena Gorlizko Kultur Etxera hurbildu beharko du, azaroaren 24a baino lehen. Tailer bera Urdulizko Kultur Etxean egingo dute abenduaren 3an, 16:30etik 18:30era, apuntatzeko muga hilaren 24a ere dela. Argazkian, ipuin kontalari saioa Gorlizen / ©
Gorliz.net.