Amets Arzallusek batu ditu puntu gehien Hendaiako saio hunkigarrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 16a, 12:23

Amets Arzallus lapurtarra nagusitu zen atzo Hendaian jokatutako Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetan. Jone Uria algortarrak lehenengo agurretik (mp3) abisatu zuenez, "bi maila nahiko desberdin daude / gure gaurko saio hontan / Jon Maia eta Amets hor goian / zaila da jartzen kolokan (...)". Eta horrela izan zen. Dorre-etxeek haien arteko nor gehiagoka propioa jokatu zuten, epaileen arabera Arzallusek (704 puntu) irabazi zuena. Maiak 679 puntu batu zituen, Julio Sotok 652,5, Aitor Sarriegik 651; Jone Uriak 634 eta Onintza Enbeitak 631,5. Halere, saioan zehar guztiek utzi zituzten bertso onak eta oso onak eta publikoa algaraka eta negarretan jarri zuten, txalo zaparradak ordainean jasoz. Horren erakuslea da ere, saioko bertsolari guztiak bigarren bueltarako sailkatu izana, Tolosako finalaurrekoan ez bezala. Gauzak horrela, Jone Uriak datorren larunbatean abestuko du Gernikan, Miren Amuriza, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Jon Martin eta Sustrai Kolinarekin. Bitartean Fredi eta Xabi Payarentzat amaitu da txapelketa, azken horrentzat hiru puntu eskasengatik. Argazkian, Amets Arzallus / © Euskal Herriko Bertsozale Elkartea. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Bertsozaleek jakin bazekiten atzokoa saio interesgarria izateko osagai guztiak zituela. Horren lekuko izan zen Beltzenia pilotalekua, saioa hasi baino bi ordu lehenago giza ilara luze baten jomuga izan zena, salgai gelditzen ziren azken sarrerak agortu baino lehen horiek eskuratu nahi zuten bertsozaleek osatuta. Azkenean, 1.600 lagun bete zuten aretoa, tartean "GeUria da txapela!" leloko elastiko berdeak jantzita, Jone Uria animatzera joandako dozenaka lagun zaratatsuak.

Agur hunkigarriak

Udako eguraldia eta bertsolarien ahotsak lagun inor ez zen gelditu hotz atzokoan. Malkoak, barreak eta emozioen karruselera igota, berriro zirrara eta malenkonia, algara eta begi bustiak izan ziren pilotalekuan zehar. Txalo zaparrada galantena Onintza Enbeitak jaso zuen saioa bukatzerakoan, Olatz lehengusina presoari abestutako agurrean (mp3), aurrekoan vis a vis gabe gelditu ostean. Bertsoen gozotasunak eta Onintzaren malkoek zein ahots urratuak bertsozaleen bihotzak hunkitu zituzten eta guztiek propio bezala hartu zituzten Jon Maiak enbeitatarri emandako besarkada eta aringarria.

Kontrapuntua aurretik emana zuen Aitor Sarriegik, mikrofonoaz baliatuta autoa saltzeko iragarkia (mp3) bota zuena azken agurrean ere. Barreak egundokoak izan ziren baina ez dakigu salmenta egitea lortu zuen. Baina, agurren artean aurrena Jone Uria Albizurirena izan zen. Ama negarretan utzi zuen bertsoa (mp3) bota zuen gazteak:

Kartzeletara besarkada bat gozo epel eta guri
baita koadrila, bertso eskola ta algortako batzuri
baina behin lagun batek horrela aitortu zidan urduri
sarri abizen bakarra ez ote daukagun nortasun zubi.
Lehengo astean aman urtean, aukera ona dirudi
Uria naizen neurri berean naizelako Albizuri
zorionak ta eskerrik asko ama zuretzat muxu bi
abizen soil bat baino gehiago zor dizudalako zuri.

Etxea salgai

Halere, gezurra izango litzateke esatea bertsorik onen guztiak saio puntuagarritik kanpo abestu zirela, saio osoan zehar behin eta berriro eman baitziren holakoak. Kartzelako lanean, esate baterako, Jon Maiak eskaini zuen erakustaldi ederra. "Etxeko balkoian 'salgai' txartela zintzilikatzen ari zara" gaiari helduta, alargunaren tristuratik (mp3) sendo mintzo zen gipuzkoarra:

Alargun geratu nintzen ta barruak ze oldarra
aspaldi agortua zait bizipozaren indarra
pasillotan nabilela oroitzapenaren marra
igaro eta burura beti bere irrifarra
lehengo ilusio hura orain dena da hondarra
etxean falta zenetik neure gaueko izarra
orain balkoian nago ta ez ote da zoritxarra
larrosa gorrien ordez “salgai” ipini beharra

berak dekoratu zuen gure etxeko logela
berea zen armairua ta pareteko papela
argia piztu hutsakin estutu ohi zait sabela
ez nuen espero baina hau da destinu krudela
minbiziak eten zuen bion arteko kordela
alde egin beharra dut, zer egingo det bestela?
aspaldian ohartu naiz ta aitortuko det horrela
bihotza hutsa dedala etxea bera bezela

etxe bat ez da bakarrik adreiluzko materiala
etxe bat bi bihotz dira hori baita naturala
pasillotan nunahi dabil sentimentuen ezpala
eta ahaztura dut nik eginkizun printzipala
hustu ditut kajoiak ta jaso dut bere apala
orain banoa etxetik behin hartu nuen bezala
salgai jartzen det balkoian, pekatua al da ala?
zoriontsu izan leiken norbaitek eros dezala

Baina, etxea saltzen ez zen bakarra izan Maia. Amets Arzallusek aitarekin batera berak eraikitakoa salgai utzi behar zuenaren roletik abestu zuen:

Sara herrian inguruetan han nunbait dago leizea
lur bat erosi ta heldu zitzaidan argilanaren haizea
aitak ta biak lanean pasa genuen urte luzea
“aita, akabo etxea jarri berotzen heltzea”
ta esan didan “semea, zaila izan da eraikitzea
baina gehiago koskako zaizu kreditua ordaintzea”

Hamar urteko lotura bat zen izenpeduna bat fina
hilabetero hainbeste euro ordaindu behar jakina
baina ai gure lana askotan ez bait da izaten duina
horra gure ahalegina bankuketan aldegina
nor bere etxea saldu beharra horrek ematen du mina
ta min doblea saldu beharra nork bere eskuz egina

Prezioa ere jarri behar ze nik ez dakit zenbat zero
pentsatu nuen ea norbaiti datorkion Olentzero
telefonoa balkoi ondoan zintzilikatu ta gero
egunero egunero pasa dira lau bezero
ja saldu dugu saldu zaitugu etxe txiki etxe bero
baina zu lasai bisitatzera etorriko naiz goizero

Jonek, ordea, bikotekidearekin apurtu, gurasoen etxera bueltatu eta etxearen dirua erdibana banatuko duenaren ahotsetik abestu zuen gaia, ezkor plantak egiten, gainera. horrela biribildu zuen hirugarren bertsoa:

Etxea oso egokia da pisu bat baina itzela
bi komun ditu, bi logela ta hain haundia egongela
ta hemen nago ta bikote bat hor begira dagoela
erosteko zain bezela, nik bota diet horrela:
“nahi baduzue hartu hipoteka eta sinatu papela
jakin ordaindu baino lehenago bananduko zaretela”

Jone, "in crescendo"

Kartzelako ariketan, saioaren bukaeran, eroso aritu zen uriatar eta albizuritarra, baina finalaurreko osoan zehar ez zitzaion gauza bera gertatu. Zortziko nagusian, ahul agertu zen Julio Sotoren ondoan. Zortziko txikian, berriz, Jon Maiarekin egokitu zitzaion. Behobia-Donostian marka ona egiteko pastillak eskatuta zizkion Uriak Maiari aurreko batean. Markarik kaskarrena eginda kontu eske etorri zitzaion Jone. Gaia oso ondo landu zuen Maiak eta bigarren bertsoan horrela bota zion Joneri: "nik ulertu dezaket halako protesta / baita ulertu ere orain duzun kezka / baina txiki samarra jaio zinan neska / ta hankak luzatzeko pastillarik ez da".

Joneri, berriz, gaian kokatzea kostatu zitzaion. Saioaren ostean onartu zuenez, pastilla nork nori eman zion ez zuen hasieran behar bezala ulertu eta lekuz kanpo harrapatu zuen Maiaren lehenengo bertsoak: "Behobia zala ta enengon trankila / fuerte ikusi nahirik nere neskatila / ez duzu egun oso marka borobila / agian eman nizun lotako pastilla". Dena den, gaiari heldu eta irtenbidea bilatu zuen Jonek: "pastilla hori hartuta nindoan aurrera / erdi estropozuka besteen artera / lotarako pastilla egia ote da / eta amets gaiztoa izan zen karrera".

Joneren aireratzea puntuari erantzunarekin hasi zen. Sendo eta arin aritu zen ariketa horretan, inolako lotsa barik:

Hondartza nudistarik ikusi al duzu?
Txikitan ala ibiltzen ginen pausuz pausu
baina gero lotsari egin behar kasu
konplejuak beti izaten dira enbarazu

Eguraldi honekin ezin da biluztu?
Eta ezin daitezke beraz harropuztu
ezin baikara jantzi likrarekin estu
neguan ligatzeko modurik ere ez du

larrugorritan inoiz ipini ezkero?
ondokoa jarriko litzateke bero
jendea egoten da niregatik edo
eta beste gauzarik ezin dut espero

Baina, Jonek utzitako bertsorik onenak seiko motzean etorri ziren, Amets Arzallusekin batera abestutako ofizioan (mp3). Bertan anai-arrebak izan ziren bi bertsolariak. Beraien ama alarguna bien adina duen gazte batekin helduta ikusi dute. Jone poztu da eta Amets, berriz, ez.

Dotore abestu zuen Jonek lehenengo bertsoa: "zelako bikote fina / printzea eta erregina / amarentzako gazte hori da gaur printze urdina / lehenago dena zen mina / ez zait inporta adina / edo ez behintzat gure amaren zoriona adina". Eta Amets ez zen atzean gelditu: "ibili zen malkotan blai / ziaboga txiki baten zai / buelta hartu du ikusiko dut ta ni ez nago lasai / garenez arreba-anai / Jone, duda bat daukat, ai / maite du edo gure amak ez du bakarrik egon nahi?".

Joneren bigarren bertsoan ere bete-betean asmatu zuen: "nahiz ez duen senarrik / ez izan hain susmo txarrik / nire iritsiz ez baitu inoren beharrik/ berak dauka indarrik / nauzu harritu samarrik / lehenago ere gurekin inoiz ez da egon bakarrik". Azken bertsoan ere, horrela bukatu zuen Uriak: "ai ene neba maitea / onartu eta bakea / ez al duzu nahi gure umeek aitona izatea?" eta borobil itxi zuen gaia Arzallusek horrela ihardetsiz: "arrazoia konpletoa / baina ez da hain petoa / nik erantzun bat badaukat nere kezken artekoa / gure haurra etxekoa / ta geure babesekoa / nola esplikatu aitona dela hogei urtekoa?".

Ondoren etorriko ziren kartzelako gaia eta amari abestutako bertsoa, baita Gernikarako sailkapena ere. Baina hor ez zen amaitu istorioa. Beltzenia pilotalekuko kanpoaldean Jone Uriaren zain izan zirenALBEko lagun, ikasle eta zaleak eta bertan gazteak orain arte egindako ahalegina eta duen izaera eskertu zizkioten, ezinbestean bertso batez (mp3).

Ume negarrak eta ohe jolasak

Baina, jokoan gelditzen den ordezkari uribekostar bakarra alde batera utzita, izan zen zer entzun Beltzeniako ofiziotan. Zortziko handian, oso maila ona erakutsi zuten Aitor Sarriegik eta, batez ere, Amets Arzallusek. Bizilagunen umearen negarrek gauerdian esnatuta, leihora atera eta bakar bakarrik ikusi zuten haurra etxeko balkoian. Horrela abiatu zuen elkarrizketa Aitorrek: "beste behin ere negar oihuak pasa du loaren marra / beste behin ere berpiztu egin zait lehengo gorputzaldi txarra / ez bada ona ordu hauetan negarrak entzun beharra / okerrena da gauerokoa dela haur horren negarra".

"Ta gau berri bat gerturatu da beste gau zaharren ondoren / ai baina gaurko negarrak dira minetan minetan goren / negar eginda ama ta ama galdezka ari da non den / nahiago nuke nik neuk baneki zure ama nun dagoen", erantzun zion Arzallusek. Ondoren, horrela jarraitu zuen Aitorrek hizketaldia, bigarren bertsoaren bukaeran: "nik benetako ausentziari zuzendu behar natzaio / ama falta du ondoan baina maitasuna falta zaio". Azken bertsorako, baina hitzetatik ekintzara pasa zen: "(...) gelditzen saia behar genuke gaur gaueko iskanbila / zuk esan duzu tabernan pasa ohi duela ordu pila / txandala jantzi eta banoa haurraren amaren bila". Arzallusek ere bukaera txukuna eman zion gaueko elkarrizketari, gertaturikoa Aitor eta bien bikotera eramanez: "esan zaiozu bere haurtxoa zenbat negar egiten dun / hasieran bi, hiru, lau malko, gero hamar, hogei, ehun / baina haurraren adibidea, aitor dezagun, lagun / haur bat ekarri baino lehenago bi aldiz pentsa dezagun".

Oso bestelako giroa ekarri zuen, aldiz, zortziko txikian Sarriegik berak eta Julio Sotok abestutako ariketak. Biok Aitorren etxean daude, ohe jolasetan. Aitorren aburuz gurasoak 7:30ean dira heltzekoak, baina 5etan giltza hotsa entzun dute. Lotsagabe abiatu zuen gaia Juliok: "gu atzean geundela guk jardun eta jardun / bagenuen denbora ari ginen txukun / aiba igual gurasoak direla ezagun / bestela igual trio bat egin nahi al zenun?". Semea izanda, lotsatiago jo zuen, ordea, Sarriegik: "baina zer diozu? ez da berriketa / atean entzun ditut hiru giltza buelta / balkoira irteteko hartuzazu beta / armairuan ez zera kabituko eta".

Bigarren bertsoan gaiak beherantz egin zuen, baina amaiera polita izan zen berriz ere. "ez hozteko badaude makina bat modu / nahiz ta jolaserako bagenituen bi ordu / itxizazu atea zer egingo diogu / hor daudela jakinda morbo gehiago du" amaitu zuen bertsoaldia Sotok. Sarriegik, berriz, bazuen oraindik munizioa: "holako erantzunik ez nuen espero / zu bai baina ni igual ez naiz jartzen bero / nere ama ez dezu ezagutzen edo / mirillatik begira dago honezkero".

Arrantzaleak eta beharginak

Seiko motzean, bertsolari guztiek erakutsi zuten maila ona. Horrela, Julio Sotok eta Onintza Enbeitak arrain bila joanda galernarekin egin zuten topo. Soto bost itsas-mila egiteko prest agertu zen arrantzatzeko asmoz, Enbeitak aldiz alde egiteko tenorean kokatu zen. Bigarren bertsoan, auilua atera zuen Sotok: "gauza nola okertu zaigun / hara zerua ze ilun / itsasoaren zer mugitua zein gaiztua dugun / bi mila ez da hain urrun / hara iritsi arte jardun / natura ez baina gure beldurrak mendera ditzagun".

Baina, tinko agertu zen Onintza iritsiz aldatzeko asmorik gabe: "beldurra ez da arraro / hemen normala zeharo / behin itsasoa holan jarrita arrantza akabo / ni ez noa urrunago / ta neurean sendo nago / kanposantua jende ausartez beteta badago".

Kontrapuntu komikoa eman zuten berriz Sarriegik eta Maiak. Lehenengoa igeltseroa da eta urte bukaerarako lana amaitu behar du. Astirik ez dela eta jai eta aste lan egitea eskatu dio Jon ugazabak. Horrela abiatu zuen elkarrizketa Aitor langileak:

Zer nolako apurua
hasi da gure gudua
lan bide ona topatu nuen ustez segurua
eguna eta ordua
luzatzeko helburua
barkatu baina langilea naiz ta ez esklabua

Patroiaren erantzuna di-da batean heldu zen Maiaren ahotsez:

Pikoa eta palanka
ez duzu langile planta
hemen bizitza gogorra da ta
hobe da aguanta
etzazula eman lata
hori da hori zarata
ez langilea ez esklabua, alperra galanta

Eta elkarrizketak aurrera egin ahala ikusiko zen ez zegoela akordiorako biderik. Horrela amaitu zuten sarriegik eta Maiak, hurrenez hurren:

Nagusi jaunak esana
lana ta berak emana
beraz eskerra da nik zuretzat behar dedan dana
hor sakukada porlana
hartu pala eta llana
zuretzat zure arrokeriak ta zuretzat lana

Orain odola zurrupa
eta lan denak ahaztuta
orain etzazu zure burua kexati izkuta
hor duzu porlan zakuka
ta hobe dezu helduta
urte zaharrean mahatsak hementxe jango dituzu ta
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun