Baina, udal mailan, Getxoko PPren jazarpena jasateaz gain, gaztea espetxetik irten eta bi egunetara, Zigor eta Arkaitz Goikoetxearen aita-amen Azkorriko (Getxo) baserriak izan zuen erasoa. "Zigor hiltzaile", "Hilda zaude", "Gora Espainia terrorista" eta "Hil zaitezte" leloak espainolez pintatu eta atariko oin-zatarra eta sasi batzuk gasolinaz erre zituzten. Bitartean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hedabideen jarrera salatu du, oraingo honetan, ABC egunkariak orrialde osoko artikulua (espainolez) argitaratu izana kontuan hartuta. "Amnistiaren Aldeko Mugimenduak askotan salatu du hainbat hedabideen jarrera. Kasu honetan preso ohien aurkako jazarpenaren barruan sartu beharko genuke artikulu hau. Gogoratu behar dugu Espainiako gobernuak Kode Penalaren azken erreforman erabaki duela preso ohiei espetxetik irten eta hamar urtetan epaitegiaren kontrolpean jarraitzeko (espainolez)", salatu du errepresioaren kontrako erakundeak.
Bitartean, 2009ko irailean eman zuen Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Zigor bera eta Algorta, Getxo eta Berangoko beste hamar gazte prozesatzeko autoa, 2007ko urrian egindako polizia operazioaren harira. Orduan ere atxilotu zuten Azkorriko laguna eta fidantzapean askatu, osasun arazoak zirela eta. Beste guztiak ere kalean dira gaur egun. Auzipetutako guztiei kale borroka taldea osatu eta 2004tik 2007ko uztailera bitarteko hamar ekintza inguru leporatzen diete. Bitartean, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak "eskandalugarritzat" jo du behin eta berriro Garzonek orduan kaleratutako autoa.
Ikusi PPk zabaldutako bideoa, Antonio Basagoitiren adierazpenekin: