Hamabi urterekin jo zuen lehenengoz plazan Mauriziak. Geroztik, plazarik plaza ibiliko zen soinujole zein alboka-joleekin. Kultur munduan emakume aitzindaria izan zen eta oso ezagun bilakatu zen bera, baita koplak kantatzean egiten zituen amaierak eta bere burua animatzeko botatzen zituen aupadak ere.
60ko hamarkadan hartu zuen osperik handiena. Benantzio Bernaola “Karakol” senarra ere soinujolea zuen. Hau makaldu zenean, Fasio (trikitia) eta Leon Bilbaorekin (alboka) hirukoa osatu zuten. Orduko musika tendentzia berriak jorratzen zituzten gazteak ere txundituta utzi zituen Mauriziak.
Ikerkuntza proiektu hau aurrera eraman ahal izateko ezinbestekoa izan da Mauriziaren senideen, lagunen eta euskal kulturaren inguruko adituen laguntza. Horien bitartez informazio ugari batu eta dokumentazio lan handia egin da. Hasierako lan honen eta gero liburua idaztearen ardura Xabier eta Fredi Paya bertsolari ezagunek hartu zuten.
Liburua bi zatitan banatu dute payatarrek. Batetik, Mauriziaren biografia pertsonala bildu dute, eta bestetik, biografia musikala. Horrela, emakume kementsu horren bizitza pertsonala eta erromeriarako jarrera eta bertan zuen papera uztarturik azaltzen dira.
Lan honen helburua "Bizkaiko panderojole mitikoaren bizitza eta biziera dokumentatu eta argitaratzea izan da", Bizkaiko Trikitixa Elkarteak zabaldu duenez. "Horrela trikitixaren esparruko informazio ugari mantentzea ahalbidetuko dugu, gaurko eta etorkizuneko trikitilari eta panderojoleek guzti honen berri izan dezaten".
“Aupa, Maurizia!” burutzeko Zeberioko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundiaren euskara sailaren laguntza izan du Bizkaiko Trikitixa Elkarteak.