Lanuzteak eta mobilizazioak izango dira bihar eskola eta fakultateetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 16a, 22:17

Bihar, Ikasleon Nazioarteko Eguna izanik, "lanuzte eta mobilizazioak" deitu dituzte Ikasle Abertzaleek eskola eta fakultateetan, tartean eskualdeko hainbat zentrotan. Ikasle erakundeak zabaldu duenez, "kurtsoa hasi zenetik bakoitzak bere ikastegiko diagnostikoa egiten jardun dugu, eta bihar, lekuan lekuko identifikatutako marra gorriak markatzeko eguna izango da". Eskola gehienetan, bi orduko lanuzteak deitu dituzte biharko egunerako, eta eskolako ikasleen arteko asanblada bat eta mani edo elkarretaratzeak egiteko ahalbidetuko dituzte ordu bi horiek. Horretaz gain, lekuan lekuko bestelako planteamenduak ere badaude. Fakultateetan ere diagnostikatutako marra gorriak markatu eta borrokatzea izango da eguneko helburua. Kasu honetan bai, fakultateka planteamendu desberdinak daude. Bestalde, arratsaldeko 17:00etan, Hego Euskal Herri mailako ekimena burutuko dute ikasleek Bilboko Arriaga antzokiaren parean.

Ikasle Abertzaleen oharra:

Araba, Nafarroa Garaia, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastetxe eta fakultateetan ematen diren ikasleon kontrako eskubide urraketak eta egoera beltza aztertu asmoz, IAk antolatuta dagoen 30 fakultate eta 93 ikastetxetan, diagnostikoak burutu eta honako ondorioak atera ditugu:

Mapak

• Testuliburuetan eta ikastetxeetako dekorazioan agertzen diren mapak arrotzak dira. Aztertutako ikastetxeen erdietan, soilik, agertzen da Euskal Herria bere osotasunean, sei herrialdez osatua. Hauetariko gehienetan, gainera, Espainia eta Frantziaren menpe azaltzen zaizkigu.

• Penintsulatik aldendu eta Europa zein munduko mapetara salto egiterakoan, Euskal Herria nazio gisa ukatua dela ondorioztatu dezakegu, izan ere, inongo ikastetxetan ez da Euskal Herriko errealitate nazionala islatzen.

Historia

• Irakasten den historiari erreparatzen badiogu, egindako diagnostikoek argi erakutsi digute Euskal Herriko historia irakasten ez dela, eta are gehiago, soilik Espainiar zein frantziar historia irakasten dela egun, Euskal Herriko ikastetxeetan.

"Adoktrinamendua"

• “Educación para la ciudadania” ikasgaiari buruz asko entzun dugu azken urtean. Etika eta moralaren izenean, ona eta txarraren arteko ezberdintasuna zein den erakutsi nahi omen digute ikasleoi. Ez al da hori adoktrinamendua?

• Ikasgai honek ikastetxeetan duen isla aztertuz, (dagokionean) nahiz eta berau emateko material zehatzik oraindik ere ez dagoen eta irakasleen araberako irizpideen araberakoa izan horren lanketa, jakin badakigu, gure ikastetxeetan ezkutuko modu batean aplikatzen ari direla.

• Esate baterako, Nafarroa Garaiko ikastetxeetan DBH 3. mailan irakasten da ikasgai hau. Gehienetan gainera, ordu bete eskaintzen diote astean honi eta tutoretza orduetan ematen da.

• Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban, bestalde, batxilergoko 1.go mailan ematen da berau. Kasu hauetan, 3 ordu eskaintzen zaizkio astean eta filosofia ikasgaiaren pean ematen da.

• Kasu askotan, “educación para la ciudadania” izenarekin beharrean, etika eta gizarte hezkuntza bezala ezkutatzen digute.

• Ikastetxeek beraien edukiak transmititzeko erabiltzen dituzten testuliburuei dagokionean, gehiengo zabal batean argitaletxe espainoletan ezkutatutako editorialak azaltzen zaizkigu. Gailentzen direnak Giltza (Edebe-ren EAErako argitaletxea), Haritza (Anaya-ren EAErako argitaletxea) eta Santillana editorial espainolak dira. Zein eduki izango dira ba, editorial espainolek transmititzen dituztenak? Euskaldunak ez behintzat.

Hezkidetza

• Ikastetxeetan hezkidetza ikuspegia lantzen den edo ez aztertzen badugu, emaitza ez da bestelakoa. Gure ikastetxeetan ez da hezkidetza proiekturik lantzen. Ondorioz, ez da inolako eraso sexisten aurrean inolako neurririk arautzen duen planik ageri.

• Gainera, historia ikasgaiari dagokionean, emakumeen papera hutsaren hurrengo da kasu gehienetan. Gainontzekoetan, 2. mailakoa da emakumearen presentzia bera.

Ikasleen eskubideak

• Ikasleon eskubide demokratikoen azterketa egiterako orduan, ondorengoa da ikastetxeetan daukagun egoera latza:

• Ikastetxeen %95ean adierazpen askatasuna erabat baldintzatua dago. Kartelak askatasunez jartzeko eskubidea kortxo eta eremu konkretuetara mugatzen da. Eta hau gutxi balitz, irakasleak beraiek dira kasu askotan kartelak kendu edota hauek jartzeagatik ikasleak mehatxatzen dituztenak.

• Zuzendaritzen jarrera bera ere, salagarria da. Hauek, kriterio pertsonalen arabera erabakitzen baitute zein kartel jar daitekeen eta zein ez.

• Greba eskubidearekin, berau praktikan izateko ikaragarrizko trabak daude irakasle eta zuzendaritzen partetik. Eskubide hau urratzeko darabiltzaten trikimailuak amaigabeak dira:

• Hiru egun lehenago pasatu behar da abisua, komunikabideetan agertu behar da deialdia, eurek erabakitako komunikabideetan noski, lehenengo irakasle eta zuzendaritzak erabakitzen dute greba egin daiteken edo ez. DBHn gurasoen esku dago ikasleok greba egin edo ez egitea, hauen sinadura derrigorrezkoa delarik, batxilergoan aldiz, kasu batzuetan soilik da hau beharrezkoa. Askotan ere, greba deitzailearen DNIa eskatzen da. Gainera, aitzakia bezala greba egin ahal izateko hezkuntzako gaiak soilik izatea eskatzen da.

Kontrol soziala

• Poliziaren eta kontrol sozialaren inguruan, egoera oraindik ere larriagoa da:

• Jakin dugunaren arabera, 21 ikastetxeetan poliziaren presentzia ikastetxeetan eguneroko jaki bilakatu da ikasleentzat. Gainera, ikasleen kontrolerako bitarteko diren kamerak hauetatik 5 ikastetxetan jarri dituzte azken hilabeteetan.

• Gainera, ikasle mugimendua desagerrarazteko asmoz, ikasle taldeak ikastetxeetan antolatzeko zuzendaritzen traba eta mehatxuak jasaten dituzte. Esate baterako, ikasle taldeak ikastetxeetan bertan legeztatu beharra dago, partaideen identifikazioak eskatuz. Burututako bilkuren aktak eskatzen dira. Ikasle eta abertzale izateagatik zuzendaritza eta irakasleen partetik espediente mehatxuak jasaten dira…

• Ikasleriaren gaineko kontrola ere areagotu da azken denboraldian:

• Klaseko huts egiteak interneten publikatzen dira gurasoek ikus ditzaten, ikastetxe inguruetan poliziaren identifikazioak ematen dira, zuzendaritzek gurasoei deiak etengabe egiten dizkiete baita gutunak bidali ere, etengabeko azterketen notak guztiak publikatu egiten dira…

• Ikasle gelari dagokionean, esan beharra dugu ikastetxeen %75ean ez dagoela ikasle gelarik, ondorioz, ikasleek biltzeko eskubidea urratua daukate. Daudenetan ere, ikasleek erabili ahal izateko bilkuren aktak eta partaideen izenak erakutsi behar dituzte askotan.

Unibertsitatea

• Euskal ikasleok unibertsitateetan pairatzen ditugun eskubide urraketa nagusiak bi dira.

• Lehendabizikoa ikasleon hitzaren ukazioa da. Azken urteetan argi eta garbi ikusi ahal izan dugu EHko edozein unibertsitatek ikasleon hitzaren gainetik Bologna Prozesua bezalako inposaketak aurrera eramateko inongo erreparorik ez dutela. Ikasle mugimenduak aldarrikatutako eztabaida partehartzaile eta erabakitzaileari muzin egin diote. Azken bi urteetan gainera, ikasleok kanpus ezberdinetan gure hitza entzunarazi nahi izan dugunean, kolore ezberdinetako poliziak bidali izan dituzte ikasle mugimendu kritikoa kokiltzeko asmoz. Adibide gisa, azken hilabeteetako epaiketak dira. Bologna prozesuari dagokionez, Deustuko unibertsitatea eta Mondragon unibertsitatea Europako marko berrira ia egokiturik daude. UPV eta UPNAn aldiz azken urratsak ematen ari dira. Azken bi hauek datorren urtean aurreikusten dute egokitzapena nahiz eta titulazio eta irakasgai batzuetan froga pilotuak martxan dauden jada (UPNAko magisteritzako titulazioa adibidez). Ikasleak ere Bolognaren ondorioak pairatzen ari gara beraz. Saltzen ziguten iraultza pedagogikoa klaseen derrigorreztasunera eta klasean sinatzera mugatu da. Atzerapen pedagogiko honek gero eta zailago egiten du lan egitea eta ikasketak uztartzea. Ondorioz, "full time" ikasle figura eraikitzen ari dira. Esklusibotasuna da unibertsitateko ikasle bati eskatzen zaion ezaugarririk garrantzitsuena. Modu honetan unibertsitatearen elitizazioan lehendabiziko urratsa unibertsitateak ematen hasiak direla esan dezakegu.

• Bigarren eskubide urraketa nabarmenena euskaraz ikasteko ezintasuna da. Gaur egun ezagutzen ditugun unibertsitateak sortu zirenetik daukagun arazoa dugu hau. Oraindik orain, Euskal Herrian ditugun bi unibertsitate publiko nagusietan euskaraz ikastea zein bizitzea ezinezkoa da. Gainera, egoerak hobera egin ordez txarrera egingo duenaren zantzuak somatzen ari gara. Izan ere, Europara egokitzen ari diren honetan, hirugarren hizkuntza bat (ingelesa) bere lekua hartzen hasi da jada unibertsitateetan. Hori gutxi balitz, gobernuetan agintzen ari diren hezkuntza sailburu eta ministroek euskarari inolako lehentasunik emango diotenik ez dugu uste. Hortaz, gure iritziz, benetan eraginkorrak diren neurriak hartzen ez baldin badira, hots, unibertsitateak guztiz euskalduntzeko plan eraginkorrik martxan jartzen ez bada, euskaraz ikasi nahi dugun ikasleok pairatzen dugun diskriminazio egoera betikotu egingo da.

Egoera orokorra

Aipatu ditugun datu horiek guztiak gauza bat argi uzten digute: Euskal Ikasleon eskubideak sistematikoki urratuak direla:

Unibertsitateetan ikasleon hitza ukatua dago, eta horren adibiderik gordinena Bologna Prozesuaren aplikazioa bera da. Euskarak egungo unibertsitateetan bizi duen egoerari begiratuz gero, ikasleon hizkuntza eskubideak errespetatzen ez direla argi ikus genezake.

Eskoletan, curriculum arrotzen inposaketaren bidez, espainol eta frantses bezala hezi nahi gaituzte, Euskal Herria errealitate bezala aintzat hartzen ez duten testuliburu, irakasle eta mapen bidez Euskal Herriaren ukazioan oinarritutako heziketa bideratuz. Eskubide demokratikoen datuei begiratuz gero, aipagarria da azken urteetan ikasleon aurka zabaldutako ofentsiba: adierazpen askatasunik ez, ikasleekiko etengabeko kontrola, greba eskubidea guztiz baldintzatua….

Espainol eta frantses eta infantilizatu eta alienatuak nahi gaituzte, eta hori lortzeko edozer egiteko prest daudela erakusten ari zaizkigu agintariek bideratutako ofentsiben bidez.

Egoera honen aurrean, Ikasle Abertzaleak-ek datorren asteartean azaroaren 17a Ikasleon Nazioarteko Eguna dela kontuan hartuta, borrokarako deia luzatzen dio ikasleria osoari.

Nazkatuta gaude agintari, zuzendari eta errektoreek ikasleoi entzungor egiteaz! Nazkatuta inposatutako curriculum, dekretu eta Bologna bezalako prozesuez! Nazkatuta sistematikoki gure eskubide demokratikoak urratzeaz!

Nazkatuta hezkuntza patriarkarra jasotzeaz!

Guzti honegatik, ikasleok azaroaren 17an marra gorriak markatuko dizkiegu agintari, zuzendari eta errektoreei, marra gorriak curriculum arrotz, dekretu eta Bolognari, marra gorriak eskubide demokratikoen urraketari, marra gorriak hezkuntza patriarkarrari!

Azaroaren 17an beraz,

• Eskoletan paroak egiteko deialdia zabaltzen dugu, ikastetxeetan burututako diagnostikoak ikasleekin konpartitu eta mobilizazioak burutzeko.

• Unibertsitateetan fakultate nahiz kanpus mailako mobilizazioak burutuko ditugu.

Azaroaren 17an Markatu Marra Gorriak!

Ikasleria Kalera!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun