Emakumeen aurkako indarkeriari aurrea hartzeko gazteei so jarri da Leioa

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 17a, 13:58

Datorren azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, gazteei begira hainbat jarduera antolatu du Leioako Udalak. Berdintasun sailaren bitartez, "Errespetuarekin bat" lelopeko sentsibilizazio kanpaina abian jarri dute, "berdintasuna, aukeratzeko askatasuna eta autonomia bezalako baloreak sustatzeko asmoz", Isabel Garcia zinegotziak adierazi duenez. Dagoeneko, telefono mugikorretarako joko bat zabaldu dute www.errespetu.com webgunearen bidez, eta ostiral honetara arte "genero indarkeriaren gaineko informazio-gynkana" horretan parte hartuko dutenen artean makina bat sari banatuko dituzte. Horretarako, parte hartzaileek hainbat froga gainditu behar izango dute mugikorraren bidez. Gainera, hilaren 26an, osteguna, Athletic Clubeko emakumeen eta gizonen lehenengo taldeko jokalariek banatuko dituzte sariak. Ekitaldia Kultur Leioako areto nagusian burutuko da eta bertan launa Wii kontsola eta Athleticeko kamiseta, Leioako dendetan erosteko 50 euroko hogei bono eta hainbat opari banatuko dituzte. Argazkian, Isabel Garcia zinegotzia.

Baina, kanpaina ez da ezerezetik sortu. Ikasturtean zehar Leioako eskolek hainbat ikastarotan hartzen dute parte gazteen arteko errespetua eta bizikidetza sustatzeko. Lan hori egiteagatik zentro horiek ere sarituko dituzte hilaren 26an.

Garciak gogoratu duenez, udalerriko ikastetxeen elkarlana ezinbestekoa da eta gaur aurzkeztu duen kanpaina ikastetxeetan egiten den “Tratu Onen tailerra"ren segida baino ez dela agertu da. Horrela, zentroen zuzendaritzek eraginda, Leioan ikasten duten ia 1.700 gaztek hartuko dute parte "Errespetuarekin bat" dinamikan. Haien adinak 15 eta 18 urte bitartekoak dira. Zinegotziak azaldu duenez, "esan beharrekoa da parte hartzeko gazte hauek ez direla derrigorrez Leioakoak izan behar, herrian bertan ikastearekin nahiko da"

Kanpainaren helburu nagusia elkarrenganako harremanak errespetuzkoak izatea bultzatzea da, berdintasunean oinarritutakoak, autonomiaz eta erabakitzeko askatasuna bermatuz.

Azaroaren 25ean ekimenik ez

Bestalde, Isabel Garciak Athleticeko jokalarien agenda arazoak agertu ditu ekimena azaroaren 25ean bertan ez egiteko. Dena den, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean ekitaldi ofizialik ez egoteari garrantzia kendu dio zinegotziak: "egun bat lehenago edo geroago egiteak ez du esanahia aldatzen". Era berean, egun horretan Kultur Leioak gaiari buruzko kultur eskaintzaren bat programatu duelakoan dago Garcia.

Azaroaren 25ean gogoratzen den egun berezi hau 1960 urtean gertatutakoaren ondorioz sortu zen. Egun hartan hiru neska, Mirabal ahizpak, bortizki erailak izan ziren Dominikar Errepublikan euren aktibismo politikoarengatik. “Ahaztu ezinezko tximeletak” bezala ezagunak izan ziren neska hauek, Hego Amerikan emakumeenganako biolentziaren gaineko krisiaren adierazgarririk nagusiena bihurtu zirela. Hori dela-eta, azaroak 25eko egun hau aukeratu zen nazioarte mailan euren bizitza gogoratzeko eta egindako lana goraipatzeko. Zehazki, 1999 urteko abenduan, Nazio Batuen Batzar Nagusietan erabaki zen egun hori Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna bihurtuko zela.

Bestalde, goizean Garciak gogoratu duenez, "Leioako Udalak gizarte honetako gaitzaren kontrako lanak egiten jarraitzen du, bere ahalmenaren barruan eta indarrean dauden legeen barruan, politika aktibo, integral eta koordinatua mantentzen du helburu nagusi batekin; genero biolentzia ezabatzea eta berdintasunaren alde egitea. Horrela onartu zen joan den 2008ko abenduaren Osoko Bilkuran Aukeren Berdintasunen Gaineko II.Plana, Udaleko hainbat sail desberdinen arteko elkarlanari esker. Honetaz gain, apustu sendo hau ikastaroetan eta tailer ezberdinetan ikus daiteke, ikastetxeetan egiten den 'Tratu Onen tailerra', jabekuntza ikastaroak, sentsibilizazio kanpainak, herriko gizonen topaketak, emakumeei laguntzeko taldeak, laguntza psikologikoa eta juridikoa, besteak beste".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun