40 filma
"Zinema Bultzatuz" programan emango diren filmak "askotarikoak dira, bai gaiaren aldetik bai publiko jasotzailearen aldetik ere, nahiz eta, bistan da, lehentasunezko ikuslegoa haurrak eta familiak izango diren", Kultura Sailetik zabaldu dutenez.
Ikusiko diren filmak, oro har, zine formatukoak dira, eta gutxi izango dira estreinatuko direnak, nahiz eta gehiengoa azken urteotan errodatutakoa izan. Eskaera handiena dutenak, baina, berriki zinema-aretoetan ikusi ahal izan direnak ditugu: "Zorion perfektua" eta "Pluk eta bere garabia", esate baterako. Euskal ekoizpenak izango dira, europarrak, estatubatuarrak, eta baita japoniarrak ere.
Ekimenaren helburua zine-aretoetan euskarara bikoiztutako filma-kopurua areagotzea da. Urteko azken hilabete hauetan, lau izenburu euskaratu eta estreinatu dira Kultura Sailaren programa honen babesean: "Vickie bikingoa", lehen aipaturiko "Pluk eta bere garabia", "Planet 5" eta "Igela eta zapoak". Horiei erantsi behar zaizkie aurretik plazaratutako "Animal channel", "Cher ami", "Txori urdin", "Niko eta izarretako bidea" eta "Ponyo". Azken hori Anoetako Belodromoan aurkeztu zen, Donostiako Zinemaldiaren programazioaren barruan. Horietaz gain, "Chekpoint Rock" dokumentala ikusi ahal izango da, baita aurreko urteetako haur, gazte eta helduentzako beste 27 filma gehiago ere. Jakina, guztiak ez dira Leioan emango, baina baliteke Bilboko Renoir eta Multi zinemetan, edo Basauriko Bilbondo zein Sozial Antzokian gustuko zer edo zer izatea.