"Beltzak" Azpeitian
Hego Euskal Herri mailan ehunaka ikaslek parte hartu du protestetan ia arazorik gabe. Gertaera bakarra Azpeitiko Ikasberri zentroko ikasleek pairatu dute, elkarretaratzea egin eta bukatu dutenean, Ertzaintzaren bi auto eta Brigada Higikorra (Beltzak) agertu eta Ikasberriko ikasle bat identifikatu dutenean, antza elkarretaratzea ez komunikatzeagatik.
Eskola gehienetan, IAk jakinarazi duenez, "kurtso hasieratik egiten jardun duten diagnostikoaren inguruan eztabaidatzeko asanbladak egin dira, eta horrekin batera marra gorriak markatu dituzte ikasleek norberak bere diagnostikoaren ondorioen arabera. Modu desberdinak erabili dituzte horretarako; batzuetan eskolako hormak papelez bete dituzte, ondorioak zehaztuz, beste batzuetan marra gorriak margotu dituzte zuzendaritzetan, edo irakasleen ateetan, edo antzerakoetan. Horretaz gain, elkarretaratzeak eta manifestazioak ere egin dituzte ikasleek".
Unibertsitateetan antzerako ekimenak burutu dira, baina kasuan kasu, parodiak eta bestelakoak ere egin dira.
Horretaz gain, bai eskola zein fakultateetan eskuorri banaketak egin dira. Gaurko eguna testuinguratuz testu orokor bat erabili da guztietan, eta horrekin batera, eskola eta fakultate bakoitzak bere testua ere kaleratu du eskuorrietan, diagnostikoari eta lekuan lekuko marra gorriei erreferentzia eginez.