Euskaltel telefonia eta kable enpresak gaur ekin dio Hamaika Bilbo Telebista kate euskalduna irekian emititzeari eta, beraz, gaurtik aurrera Uribe Kostan, Erandion eta Bizkai osoan zehar Euskaltel daukaten etxebizitza guztietan ikusteko aukera izango dute. Orain arte soilik LTDrako deskodetzailea zeukaten etxeetan ikus zitekeen
Hamaika Telebista, baina, gaurtik aurrera, Euskalteleko zuntz optikoa daukaten etxebizitza guztietan Hamaika Bilbo ikusteko aukera izango da, deskodetzailea izan ala ez. Gauzak horrela, BBC sintonizatzen zen frekuentzia berean, hamaikagarrenean hain zuzen ere, Hamaika Telebista ikusteko aukera dago, ezer egin gabe. Seinale hedapen berria "oso albiste ona" dela zabaldu du Hamaika Bilbo Telebistak, "izan ere, Hamaika Telebistaren ikuslego potentziala handitzeko aukera zabaltzen da, ordutik aurrera Euskaltelen bidez, Hamaika Bilbo Bizkaiko 160.000 etxebizitzetan ikusteko aukera izango baita". Argazkian, Amaia Nerekan Umaran zuzendari algortarra / © Asier Mentxaka.