Lepola auzoan egin daitezkeen etxebizitzen kopurua zergatik "bikoiztu" duten azaltzea eskatu diote Barrikako Udalari bertoko auzotarrek. Barrika Gertuko izeneko elkartea sortu ei zuten irailean 55 familia inguruk, Plentziako errepideko eskuinaldean, taberna-jatetxeetatik zaharren egoitzara doan eremurako dagoen hirigintza egitasmoa salatzeko. Atzoko udal batzarrean baztertutako HAPOren aurrerakinak, bertan, 138 etxebizitza altxatzea aurreikusten zuen, hau da, 0,45 metro koadroko; aurreko arau subsidiarioek metro koadroko 0,20 etxebizitza egin ahal zirela adierazten zuenean. Urriaren 9an izandako ez ohiko osoko bilkuran ere azken hori bikoiztea erabaki omen zuten, bizilagunen arabera. Gauzak horrela, "herria masifikatuko den beldur" dira Lepolako auzotarrak, "inguruko hainbat udalerritan gertatu bezala". Hori dela eta, "HAPOren aurrerakinaren idazketa zerotik hasi" eta, horretarako, "lehiaketa irekia eta parte-hartzailea" abiatzea eskatu dute. Argazkian, nagusien etxe ingurua.