Bizarra Lepoan euskara elkarteak antzerki emanaldia antolatu du azaroaren 29rako, Getxo udalerriko Euskal Kulturaren XI. Jardunaldien barruan. Ane Monna, Oskola eta Karramarroi taldeak "Ino, Ino, Ino... Badator Bonbardino!" antzezlana eskainiko du igande horretan, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Bi saio egongo dira: bata eguerdiko 12:30ean eta bestea, arratsaldez, 18:00etan. Antzezlana 3 eta 11 urte arteko umeentzat da egokia, antolatzaileek zehaztu dutenez. Sarrerak 3 eurotan daude salgai BBKren kutxazainetan, www.bbk.es webgunean eta Algortako kultur etxean, Villamonten. Hala ere, Bizarra Lepoanek 50 sarrera banatuko ditu, euskara elkarteko bazkideen artean: 20 goizeko saiorako eta 30 arratsalderako. Sarrerak binaka banatuko dira eta horretarako, bazkideek telefonoz deitu beharko dute (944 914 357) edo mezua bidali bizarralepoan[abildua]euskalnet.net helbide elektronikora, euren izen-abizenak eta telefono zenbaki bat zehaztuz.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!