Getxo Antzoki berria eraikitzeko lanek kaltetutako merkatari eta auzotarrei zergak jaitsi diezaietela eskatu berri du Getxoko PPk. Horretarako, mozioa aurkeztu dute popularrek, azaroaren 27ko udal batzarrera begira. Urriaren 30eko osoko bilkuran ere tasak eta zergak izan zituzten hizpide. Orduan, Marisa Arrue buru duen alderdiak ez zuen ontzat jo, 2010erako udal tasak eta zergak bere horretan utz zitezen, PSE-EEk egindako eskaera. EAJren Udal Gobernuak, ordea, bai;
aurretik erabakita zegoen arren. Oraingo honetan, Getxo Antzoki ingurukoek zarama bilketa tasa ordaindu behar ez izatea eskatu du Getxoko PPk; baina "obrak iraun bitartean" bakarrik. Horretaz gain, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren erdia ordain dezaten nahi dute; auzokoek TAO ordaindu behar ez izateaz gain. Bitartean, kaltetuen elkartea osatzea ez dute baztertzen inguru horretako lagunek; batzarren bat ere egin dute jada. "Informazio faltaz eta antzoki berriaren tamainaz" kexu dira merkatari eta bizilagunak. Joan den astean, berriz, lanek eragingo dituzten eragozpenak "ahal den neurrian gutxitzeko"
hartutako neurrien berri eman zuen Getxoko Udalak. Argazkian, Getxo Antzoki inguruan jarritako hezia.