Udondo gaztetxeko 9. urteurrenaren aurkezpena egingo dute gaur

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2009ko aza. 18a, 19:35

Udondo gaztetxea, Uribe Kostako gazte zentro autogestionaturik beteranoena, bere bederatzigarren urteurreneko ospakizunak abiatuko ditu gaur iluntzean. Izan ere, gaurko datan, azaroak 18, bederatzi urte beteko dira gazte andanak Espainiako Gizarte Segurantzak bahitutako Udondo auzoko lantegi ohi batean sartu eta bertan gaztetxea sortu zuenetik. Zentro autogestionatuak urtemuga baliatu nahi du okupazioa gaztetxetik kalera eramateko eta hori dela eta gaur, 20:00etan, Plaza Gorrian egingo ditu ekimenak. Bertan, askariaz eta zintzur bustitzeaz gozatzeaz gain, bederatzi urte hauen lana biltzen duten argazki eta bideo emanaldiak ikusteko parada izango da. Hurrengo egunotan ere, ez da ekimenik faltako eta urteurrena abenduaren 11ra arte luzatuko dute. Argazkian, gaztetxeak zuen irudia pasa den greba orokorrean / cc-by-sa Ekinez Sortu.

Egitaraua:

Azaroak 18, asteazkena:
- 20:00etan, askaria eta argazki eta bideo emanaldiak, Plaza Gorrian.

Azaroak 19, osteguna:
- 20:00etan, Antena Ez elkarteko kideen hitzaldia, telefonia mugikorrak duen eragin eta ondorioei buruzkoa, gaztetxean.

Azaroak 20, ostirala:
- Arratsaldean zehar: mus txapelketa, jolasak eta jokoak, piñata eta Sagardoleren kontzertua. Barakaldoko Bagatza auzoko taldeak rumbak abestuko ditu euskaraz eta espainolez, gaztetxean.

Azaroak 21, larunbata:
- 10:00etan, bloke txapelketa gaztetxeko eskalada murruan. Ondoren, diaporamak, sariak eta herri bazkaria barazkijalea egingo dute.
- 21:00etan, kontzertua eskainiko dute gaztetxean Bartzelonako Subterranean Kids taldeak (HC Punk) eta "Bizkaiko estolderiatik irtendako" Ultima Neurona-k (HC Glam). Sarrera 5 eurotan eros daiteke gaztetxeko atean bertan.

Azaroak 27, ostirala:
- 21:00etan, Vomito Irungo punk talde mitikoak kontzertua eskainiko du gaztetxean. Sarrera 5 eurotan erosi ahal izango da gaztetxeko atean bertan.

Abenduak 11, ostirala:
- 21:00etan, HC Punk kontzertua eskainiko dute Gipuzkoako Karkaba eta Enkarterriko J.a.n. taldeek. Sarrera 3 eurotan erosi ahal izango da gaztetxeko atean bertan.

Leioako gaztetxe eta gazte asanbladen ibilbidea:

Leioako Gazte Asanbladak lehenengo bilerak antolatzeari 1996ko udaberrian ekin zion. Bertan gehien azaldu zen arazoa gazteentzako lokalen gabezia izan zen. Horregatik, gazte asanbladaren lehenengo aldarrikapena hori izan zen. Udal Gobernuaren erantzun eza ikusita, okupazioaren "beharra" ikusi zuten gazte asanbladako kideek eta 1997ko apirilaren 5ean Mendibile jauregia okupatu zuten. Gazte asanblada eraikina garbitzen eta konpontzen hasi zen, izan ere jauregia "guztiz utzita" baitzeukan Udalak, bere plan bakarra "espekulatzea" zela. Aste bat beranduago desalojatu zituzten gazteak baina Mendibile berrokupatu zuten. Gaztetxeak gazte mordo bat erakarri zuen eta erreferentea bihurtzen hasi zen Leioako gazteriaren artean. Talde mordo bat ere biltzen eta sortzen hasi ziren gaztetxean: gazte asanblada bera, Leioako Insumiso Taldea, Lila Gorriak, Asamblea Libertaria de Leioa, Amalurra taldea, Antzerki taldea, Duina... Hamaika ekintza hasi ziren egiten gaztetxean: tailerrak, mahai-inguruak, hitzaldiak, eztabaidak, ikastaroak, kontzertuak... Kulturaren sorkuntza eta eskaintza izan zen zeregin nagusia 2000ko ekainera arte.

Iruzurrezko negoziazioak

2000ko ekainean, ertzainek desalojatu zuten Mendibile. Gazte Asanbladak salatu zuen Karmelo Sainz de la Mazak, orduan Leioako alkate berria, ustezko negoziazio batzuk eskainiz ertzainak bidali zituela udaletxean bilduta zeuden bitartean gaztetxean inor ez zegoela baliatuz. Ondoren, kriminalizazio kanpaina burutu zuten EAJ, PP eta PSE-EE.

Garai horretan, gazte asanblada Langabetuen kolektiboaren lokalean hasi zen biltzen, baina alkateak azken hauei mehatxatu ostean, gazte asanbladak utzi zion bertan biltzeari Langabetuei Udalak lokala ez kentzeko. Kale gorrian egonda gazteek berriro ikusi zuten okupatzeko beharra eta 2000ko azaroaren 18an Udondo gaztetxea okupatu zuten. Eraikina lantegi izandakoa zen, Espainiako Gizarte Segurantzak bahitua.

Handik hona, hainbat jarduera egin dira Udondon: kontzertuak, tailerrak, ikastaroak, antzez-lanak, jaialdiak, mintegiak, batzarrak, zine proiekzioak, eta gizarte zein politika maila hainbat ekimen aurkeztu eta lagundu, baina ezagunena Estatu espainiar mailako hack-meeting-a 2001ean bertan egitea izan dela. Era berean, Leioako eta eskualdeko hainbat kolektibori utzi dizkiete bertako baliabideak.

Baina, gaztetxearen eta herriko gazteen arteko dinamika gehiago uztartzeko eta belaunaldi aldaketa errazteko, 2007ko otsailaren 9an birsortu zuten Leioako Gazte Asanblada, geroago Txakurzulo Gazte Asanblada izena hartuko zuena. Erakunde horrek, hilabete baten baitan, Leioako IV. Gazte Eguna antolatu eta martxan jarri zen Leioako gazteriaren diagnosia egiteko. Hortik ateratako emaitzen bidez Leioa berri bat eraiki nahi baitu. Dena den, hortik aurrera ere, izan da gaztetxearen itxiera eskatu duenik, tartean "El Correo Español"-ek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun